Naval

Tapia sailburua mahaitik altxatu da

Ez da ongi amaitu Naval ontziolako langile batzordeak eta Jaurlaritzako Ekonomiaren garapeneko Sailak egindako bilera. Tentsio handiaren ondorioz, Arantxa Tapia sailburuak utzi egin du bilera.

Navaleko beharginen protesta bat aurreko hilean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
xabier martin
2018ko urriaren 31
06:57
Entzun

Sestaoko ontziolak aurkeztu du 177 beharginak kaleratzeko dosierra, eta 'Vox Alexia' ontzia eraiki ahal izateko negoziazioen epea agortzen ari da. Hura litzateke, beharbada, flotagailu bakarra Navaleko beharginentzat, eta ontziolaren hornitzaile askorentzat. Baina ez du ematen gauzak bide onetik doazela. Langile batzordeak eta Jaurlaritzako Ekonomiaren garapeneko Sailak bilera egin dute, Bilbon, gaur goizean, eta tentsio handiarekin joan da bilkura hori. Arantxa Tapia sailburuak, azkenean, mahaia utzi du.

Bilera egiten ari zen bitartean, Navaleko langileak kanpoaldean elkarretaratu dira, eta, besteak beste, "lehendakari joan zaitez zu Cadizera" oihukatu dute. Navantiako langile izatea onartuko balute, Cadizera joan beharko lukete Sestaoko beharginek. Baina hori, gaur-gaurkoz, aukera bat baino ez da. Gauzak horrela, gero eta gertuagoa dago Navalen itxiera, behar beharrezkoa den inbertitzailea ez baita agertu.

Bilerak ordu erdi iraun du. Tentsioa medio zela, Arantxa Tapia sailburua altxatu egin da, eta batzarra bukatu egin da. Juanjo Llorden batzordeko presidenteak esan du Tapia  "haserretu" egin dela "ez zituelako erantzunak egin zaizkion galderentzat". Tapiak oso bestelakoa kontatu du kanpoan: "Ez didate galderarik egin, bakarrik esan didate lerroburu baten bila nabilela: Naval ez dela ixten. Egoera horren aurrean, mahatik altxatu naiz, ez dudalako zertan hori onartu".

Batzordeak azaldu du bi bide jorratzen ari direla Naval salbatzeko. "Lehentasunezkoa da bat, denbora irabaztea ahalbidetuko lukeelako". Van Oord armadorearekin egiten ari den negoziazioa da hori Vox Alexia ontzia Navalen eraiki dadin. Haren kroskoa baino ez dago eginda, eta gaur egun bankuena da. Armadoreak erosi egin beharko luke ontziolak burutu dezan Sestaoko nasetan. Batzordeak dio Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren negoziazioak Van Oordekin izugarri zailak direla, eta nahi dute jakin Vox Alexia Sestaon eraikiko den ala ez. Llordenek esan du "ematen duela baietz", armadoreak ontzia burutzea nahi duela; "baina horrela ezin gara egon".

Tapiak berak berretsi du armadorearekin dituzten negoziazioetan ez dela  "tentsioa" falta.. "Oraingoz ez da mahaitik altxatu; esperantza horri heldu nahi diogu, nahiz eta egoera oso zaila den". Tapiak ez dio epemuga bat jarri nahi izan Van Oordi, batzordeak eskatu duen bezala.

%50 baino gehiago ezin da erosi

Jorratzen den beste bidea inbertitzaile bat topatzearena da. Badira interesa azaldu duten pribatu batzuk, sailburuaren arabera. "Interes hori gauzatu daiteke, serioa delako epe luzera jarduteko, baina gaur-gaurkoz goiz da gehiago esateko". Batzordearentzat irtenbidea ez da inbertitzaile pribatua, ordea, erreskate publikoa baizik. "Eros gaitzala Madrilgo gobernuak", diote. Balizko likidazio plan baten barruan, halako erreskate bat legezkoa litzatekeela erakusteko txostenen bila dabiltza langileak. "Lantaldearen %88 Navantian sartzeko eskubidea dauka. Ez da errezagoa gobernu zentralak gu erostea 150 familia erbestera joan behar izatea baino?", galdetu du Llordenek.

Arantxa Tapia sailburua, berriz, txosten bat prestatzen ari da Eusko Legebiltzarrera eta langile batzordera igortzeko. Astearterako egongo da prest; horren bidez erakutsi nahi du gobernu batek gehienez ontziolaren %50 erosi ahal izango lukeela likidazio fasean. "Beraz, inbertitzaile pribatu bat behar dugu". Batzordeak esan du "bihartik aurrera" ez dutela soldatarik izango; "eta denbora badoa. Urtebete izan dute inbertitzaileak aurkitzeko, eta Van Oordekin akordio bat egiteko. Asko edo gutxi lan egingo zuten, baina emaitzak ez dira egon". Tapiak berak onartu du "egun konplikatua" dela langileentzat, "soldatak ez direla bermatzen jadanik, eta dosier batean daudela"; "horrek tentsio handia eragiten du", erantsi du.

Ontziolaren jabeek –Murueta ontziola eta Ingeteam ingeniaritza enpresa bizkaitarra dira jabe nagusiak— irailean eskatu zioten epaileari abian jartzeko likidazio prozesua. Tramite bat baino ez zen, formalismo bat, Naval hartzekodunen konkurtsoan baitago iazko urriaren 10az geroztik. Urtebetean ez du lortu ez inbertitzailerik erakartzerik ontziola berriro martxan jartzeko, ez nasetan geratzen zaion azken ontzia amaitzerik. Horregatik, inoiz baino agerikoagoa da beharginentzat likidazioa izango dela ontziolaren azken portua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.