Bilbon egin ditu adierazpenak Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, Cre100do erakundeak antolatutako jardunaldian. "Nire babesa adierazi nahi diot makina-erreminta sektoreari enpresa batzuk jasan dituzten neurriz kanpoko esku hartzeengatik". Sektoreari babesa eman dio, baina ez du Gasteizko Zayer konpainia berariaz aipatu nahi izan. Hain zuzen, Espainiako Polizia Nazionalak duela bi aste enpresa horretan miaketa egin izanagatik adierazi dio babesa Tapiak sektoreari.
Sumarioa oraindik sekretupean badago ere, Poliziaren susmoa da Zayerrek erabilera nuklearra izan dezakeen materiala saldu diela bahimendua duten herrialdeei, Errusiari edo Irani, esate baterako. Tapiak erakunde publikoei eskatu die "egonkortasuna" ziurtatzeko enpresei. "Beste herrialde batzuekin merkataritza harremanak izatea inoiz ez da erraza, eta gutxiago harremana daukagun merkatu eta herrialde horiek errealitate konplexuak dituztenean interes geopolitikoengatik".
Tapiak nabarmendu du erakundeak enpresentzako "egonkortasun marko baten sortzaileak" izan behar direla, "enpresaren negozioa, ibilbidea eta sinesgarritasuna kolokan jar deaketen neurriz kanpoko esku hartzeetatik urrun".