Biharamuna da gaur Arcelor Mittalen Sestaoko ACBko beharginentzat. Atzo bozketa egin zuten, eta multinazionalaren plana onartu zuten aldeko 143 botorekin, kontrako 127rekin eta hamabi abstentziorekin. Altzairutegiko 346 pertsonako lantaldearen erdia kaleratzea onartu zuten, eta 140 inguru langilek soilik asteburuetan lan egitea uztailetik aurrera, hilean bakarrik 12.000 tonako produkzioarekin. Baina erabaki gogor hori hartuta ere, ez daukate ezer ziurtatuta, atzo Arcelorrek gogorarazi zuen bezala, planak Eusko Jaurlaritzaren babesik jaso ezean ez duelako martxan jarriko.
Gaur bertan hasi dira negoziazioak gobernuaren eta enpresaren artean. Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak iragarri du bilera egingo dutela gaur, eta gaineratu du espero duela enpresak "epe luzerako plan sinesgarri bat aurkeztea". Altzairutegiari laguntza publikoa eskaintzeko Tapiak jarritako baldintza da enpresak gutxienez 2020ra arte bermatzea enplegua eta jarduera.
Tapiak esplikatu du "lankidetzarako jarrerarekin" joango dela bilerara, "espiritu positiboarekin", eta "paper zuri batekin". "Pasa den barikuko bilerak ekarri du hurbilketa hau, eta borondaterik onenarekin hasi gara lanean, ustez, bi aldeetatik". Barikuan egin zuten azken bileran ere jarduera gutxienez 2020ra arte bermatzeko eskatu zion gobernuaren laguntza eta babesa jaso ahal izateko. Tapiak argi utzi izan du Gasteiz ez dagoela prest «atalkako itxiera bat finantzatzeko». Nolanahi ere, barikuko bileran Arcelorrek bost urterako plan bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, eta Tapiak baloratu egin zuen "urratsa". Gaur aurkeztuko lioke Arcelorrek plan zehatz hori Gasteizi.
"Akordio bat lortzeko konfiantza daukagu", esan du Tapiak, baina gaineratu du ez duela espero itunik gaurko batzarrean: "Gaurkoa plana aztertzeko lehenengo pausoa da".