Aluminiozko leihoak egiten zituen Gasteizko TCA enpresak iazko azarora arte. Hamalau langileen kontratuak hausteko erregulazioa aurkeztu zuen urte amaieran, eta denak bukatu zuten langabezian. Orain, berriz, erregulazio dosier hori ez du ontzat eman EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta kaleratzeak baliogabetu ditu, CNT sindikatuak jakinarazi duenez. Sindikatu horrek zeukan ordezkaritzaren gehiengoa langile batzordean.
Kontua da TCAk Gasteizko lantegia itxi zuela, eta, nahiz eta epaileek kaleratzeak baliogabetu, haiek ezingo dituzte berriro euren lanpostuak eskuratu. Azken zazpi hilabeteotako soldatak ordaindu beharko ditu enpresak, hala ere.
TCAk lanak egin ditu Arabako administrazioarentzat orain gutxi arte. Esate baterako, autobus geltoki berrian aritu da, eta baita Gasteizko udal bulego berrietan ere.