Telefonicak sindikatuekin hitzartu du 6.500 langileak nola kaleratu

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Telefonicak sindikatuen babesa lortu du hiru urtean telefonia finkoko 6.500 langile kaleratzeko, enplegua erregulatzeko dosier baten bidez. Enpresak akordioa lortu du UGT, CCOO eta STC-UTS sindikatuekin. Ondorioz, Telefonicak bost langiletik bat kaleratuko du. LABen esanetan, Hego Euskal Herrian langileen erdiak izango dira, 1.825etik 900 inguru.

Telefonicaren dosierrak hautsak harrotu ditu. Enpresak iaz 10.167 milioi euro irabazi zituen, inoiz baino gehiago. Irabaziak iragarri eta egun gutxira esan zuen 8.500 langile kaleratuko zituela.

Espainiako Gobernuak Telefonicari esan zion hark ordaindu beharko zuela kaleratutako langileen langabezia saria. Telefonicak hala egingo du.

Akordioaren arabera, langileek erabakiko dute dosierrean sartu edo ez. Langileek 45 eguneko kalte-ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko, hiru urte eta erdi gehienez. 53 urtetik gorako langileek, enpresak hamabost urtetik gora badaramatzate, soldataren %68 jasoko dute 61 urte bete arte.

Dosierraren eta lan itunaren negoziazioa lotu egin dituzte. Atzo onartu zituzten biak. Lan ituna 2011-2013 artekoa izango da, eta epe horretan ez da kaleratzerik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.