Telekomunikazioak

Telefonicak tarifa finkoa bukatzea nahi du

Edukietara mugagabeki sartzeko aukerarekin ere amaitzeko asmoa du. Gehien erabiltzen dutenek gehien ordaintzea da proposatu duena.

2010eko abuztuaren 31
13:25
Entzun
Tarifa finkoa azkenetan egon daiteke. Halaxe adierazi zuen atzo Telefonicako Julio Linares kontseilari delegatuak. Orain arte, tarifa finkoarekin edukietara sartzeko aukera mugagabea zuen erabiltzaileak. Nahi zuen beste musika eta film jaitsi zezakeen, esaterako. Telefonicak, orain, internetez egiten den erabileraren araberako fakturak kobratu nahi ditu, gehien erabiltzen dutenei gehiago kobratuz. Espainiako Telekomunikazioen Batzordeak (CMT) begi onez ikusi du proposamena.

"Gaur eguneko ereduak porrot egin dezake", Linaresen arabera, datu trafikoa "mugagabe" ari delako hazten. Ez omen datoz bat telekomunikazio operatzaileei sarea mantentzeak sortzen dizkien gastuak eta izaten dituzten diru sarrerak. Telefonicako kontseilariaren iritziz, sarea ez dago gaituta etengabe hazten ari den trafiko bolumena jasatera, eta gaur egun, interneta posta elektronikoa irakurtzeko soilik erabiltzen duen batek, ehundaka bideo jaisten dituen batek adina ordaintzen du. Linaresen hitzetan, " interneta asko erabiltzen duen erabiltzailearen zerbitzua ari da oraintzen erabiltzaile arrunta".

"Desfase" hori biderkatu egin da, mugikorrekin internetera banda zabalaren bidez konektatzen direnen kopurua handitzean. Telefonicako datuen arabera, Espainian, mugikorrarekin banda zabalera konektatzen diren erabiltzaileen %5ak, trafiko osoaren %75a kontsumitzen du. 2013rako, telefono "inteligenteak" edo 'smartphoneak' herritar gehienek edukiko dituztela kalkulatzen da. Eta orduan, arazoa okertu baino ez omen da egingo.

Neutraltasuna

Sareko neutraltasunari buruz, Telefonicarentzat "jasangaitza" da interneterako sarbidea ematen duten hornitzaileen eta interneteko zenbait agenteren artean dagoen diferentzia. Agente horietako batzuk dira Google, Yahoo eta Youtube. Telekomunikazio enpresak dioenez, hamabost aldiz trafiko handiagoa sortzen dute azken horiek, eta operatzaileek egindako inbertsio eta hobekuntzak probesten dituzte euren edukiak kobratzeko edo publizitatea sartzeko. Eta ez daude hori ere onartzeko prest.

Une honetan, sareko neutraltasunaren inguruko legedia ari da prestatzen Europako Batasuna. Herritarren iritziak biltzen ari dira orain. Erabakia urte amaieran hartuko du EBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.