Kirol arropa diseinatu, ekoitzi eta merkaturaturatzen du Ternua Groupek, eta azken urteetan hazkunde iraunkorra lortu du batez ere Ternua marka nagusiak nazioarteko merkatuetan tokia egitea lortu duelako. Bazkundeak Gipuzkoako saria 2016 eman dio, negozioa eraldatzen jakin duelako. Arrasateko konpainiak bere salmenten herena nazioartean lortu ditu aurreko urtean. Horrek etorkizun handia eskaintzen dio goi mailako prestazioko arroparen sektorean.
Ternua Groupek Astore eta Lorpen markak merkaturatzen ditu Ternua marka nagusiarekin batera. Euskal Herrian 100 enplegu inguru ematen ditu eta guztira 175 dira lantaldean. Hiru ekoizpen zentro dauzka: Arrasaten nagusia, Etxalarren (Lorpenena) eta Pueblan (Mexiko). Ternua Group 2014an eratu zuten holding gisa, gutxienez 25 urteko ibilbidea zuten hainbat konpainiak bat egitean. Gaur egun munduko 50 herrialdetan saltzen dute: %16a AEBetan eta Kanadan; %10 Europan (Alemania, Suitza, Austria, Frantzia, Espainia, Belgika, Herbehereak eta Euskal Herrian); eta %7 Asian (Japonia, Taiwan eta Hego Korean).
Bestalde, Bazkundeak Enpresaren nazioartekotzea saria Goizper kooperatibari eman dio eta enpresa txiki eta ertainen saria Eyher enpresak eraman du.