Etxaiderentzat ulertezina da ELAk gehiengo sindikala hautsitzat jotzea, erreformek eta egoera politikoak erantzun bateratua behar dutela uste duelako.
Zein egoeratan dago ELAren eta LABen arteko harremana?
Harremanak hotzak dira. Distantzia handitu egin da, baina komunikazioa badago, eta elkarlanerako eremu garrantzitsu batzuk bizirik daude: sektore publikoko borroka, otsailaren 25eko mobilizazioak, hainbat hitzarmen... Zorionez, harreman gune natural bat bizirik dago.
ELAren aldetik jaso al zenuten jakinarazpen ofizialik esanez gehiengo sindikala hautsitzat jotzen zuela? Komunikabideen bitartez jakin al zenuten?
Ez, ez dugu baieztapenik jaso. Guretzat, hala ere, hautsitzat jotzea baino erabakigarriagoa izan da komunikabideen bidez jakitea ELArentzat ez dela posible gehiengo sindikala.
Hautsita ez, baina gehiengo sindikala ia geldirik zegoen udaren ondoren.
Ikasturte honetan ez da egon gehiengo sindikalaren agendarik. Udako eztabaiden ondorioz erabaki genuen ez zegoela akordio nahikorik gehiengo sindikalari segida emateko, baina hitz egiten jarraitzeko asmoa genuen.
LABen arabera, beraz, gehiengo sindikala stand by egoeran al zegoen?
Hitzartutako stand by egoeran. Bazegoen konpromisoa akordioa bilatzeko, jakinda zaila dela. Ez dugu oso ondo ulertzen hori ez dela posible interpretatzea. Bereziki larria iruditu zaigu haustura gertatzea erreforma berrien aldi batean sartzen ari garenean, langileen eskubideei gehiago erasoko dietenean, erantzuna antolatu behar denean. Larria da ELAk gehiengo sindikala baztertzea egoera horri erantzuteko, langileei eskaintza sendo bat egiteko. Baina langileek erantzun bat behar dute.
Krisiaren kontrako erantzunak elkartu zintuzteten, 2009an. Zer gertatu da krisi betean gehiengo sindikala hausteko?
Orduan erabaki genuen elkarrekin aurre egin behar geniola krisiari, erantzukizunez jokatuz eta gure arteko ezberdintasunak erabakigarri bihurtu gabe. Krisiaren neurriak eta langileen premiak hala eskatzen zuten. Orain, aldiz, gure arteko ezberdintasunak erabakigarriak bihurtu dira.
Esaterako?
Ez gaude duela hiru urteko egoeran: gehiengo sindikalak bat egin du, hiru greba orokor egin ditugu, hainbat mobilizazio, Maiatzaren Lehen bateratua... Gure ustez, horrek gehiengo sindikalaren bidea sakontzea ekarri behar zuen, jauzi gehiago egitea. Mobilizazioez gain, sindikalismo abertzalearen estrategiari buruz eztabaidatzea. Baina egindakoa sakontzeko eta aliantza estrategikorako bidea egiteko aukera dagoenean, erabakigarri bihurtu dira ezberdintasunak.
Zehazki, zer eskatzen diozue ELAri?
Sindikalismo abertzalearen estrategiari buruzko gogoeta sakona egin behar dela, bai inoiz ez bezalako krisi batean gaudelako, bai garai politiko berri bat abiatu delako. Sindikalismo abertzaleak ze rol jokatuko du? Ze helbururekin? Ze bitartekorekin? Ze estrategiarekin? Ze eredu sindikalekin? Horiek dira aldi historiko honetan ELAk eta LABek jorratu behar dituzten eztabaidak. Bestela, jarrera zuzenak edukitzen eta mobilizazioak antolatzen jarraituko dugu. Horiek ezinbestekoak dira, baina lidergoa hartu behar dugu, eta prozesu bat eragin behar dugu Euskal Herrian. Guk eztabaida hori egiteko eskatzen dugu. Orduan ikusiko dugu ea aukerak badauden benetako aliantza batean aurrera egiteko.
ELAk politikan oinarritu ditu zuen arteko desadostasunak. Benetan hainbesteko desadostasunak al daude ELAren eta LABen artean politikaz eta egin beharreko urratsez?
Berez, ez lukete egon beharko. Guk bai esaten dugu aldaketa prozesuak, eredu sozial berri bat eraikitzeko prozesuak, burujabetzaren aldeko prozesu bat izan behar duela. Aldaketa politikoak eta sozialak bultzatzeko prozesua izan behar du, eta prozesu hori eremu politiko, sindikal eta sozialetik bultzatu behar da.
Zuen arteko desadostasun iturri nagusienetakoak, ETAk, behin betiko su etena iragarri zuen. Zuengandik gertuen dauden indar politikoek bat egin dute. Nola uler daiteke gehiengo sindikala bertan behera geratzea?
Hori da arazoa. Oso zaila da zer gertatzen ari den ulertzea. Guri zaila egiten zaigu ulertzea sindikalismo abertzalearen batasuna puskatzea sindikalismo abertzaleak eskatu duen testuinguru bat dagoenean; gaindiezinak ziren oztopoak ez daudenean; abertzaleen arteko lankidetza nagusitu denean; burujabetzaren aldeko bide bat egiten ari denean; eta krisi garaian, burujabetzaren aldeko bideak dimentsio sozial bat eduki behar duela nabarmena denean. Politikan lankidetza indartu da, baina sindikalismoan ezinezkoa da. Harrigarria da urteetan burujabetzaren aldeko indarren batasuna eskatu duen eragile batek, ustekabean, burujabetza bere diskurtsotik baztertzea, hain justu burujabetzaren aldeko prozesu bat gorpuzten ari denean.
ELAk haustura Bilduren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakietan oinarritu du. LABi gehiago kostatzen al zaio Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiak kritikatzea beste erakunde batzuenak baino?
Ez. Bere erabakiez egin ditugun balorazioak egiteko arrazoiak eman dizkigu. Ez dugu sinesten oreka politikoetan. Gure autonomia erakusteko ez dugu Bildu kritikatu behar.
Gipuzkoako aurrekontuei buruzko eztabaidan esan genuen guretzat erabakigarria izango dela 2012a, jakin nahi dugulako hartu dituzten erabakiak ea zer izango diren, aldaketa edo aldaketaren bidea hasteko erabakiak. Horren arabera hartuko ditugu erabakiak.
«Testuingurua ikusita, gehiengo sindikalaren haustura ulertzea zaila da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu