Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu da jada Angel Toña. Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluaren aurretik egin du karguaren zina, Ajuria Eneko jauregian, Iñigo Urkullu lehendakaria, gainerako sailburuak eta Eusko Legebiltzarreko presidentea nahiz mahaiko ordezkariak ondoan zituela. «Egoera zailean dauden milaka lagunek duten lan, baliabide eta etxebizitza beharrei erantzutea da nire erronka», azaldu du sailburu berriak kargua hartu ondoren.
Iñigo Urkulluren gobernuan lehenbiziko aldaketa izan da. Juan Mari Aburto ordezkatuko du Toñak aurrerantzean. Aburto Bilboko alkategai izendatu du EAJk, datozen udal eta foru hauteskundeetarako.
Kargua hartzeko ekitaldia baliatu du Urkulluk Aburtori eskerrak emateko. «Dena eman duzu garai zail hauetan», adierazi dio, eta sailburu gisa egindako hiru lan azpimarratu ditu: gizarte zerbitzuen zorroa onartzea, elkarrizketa sozialaren mahaia martxan jartzea eta hirugarren sektoreko lege proiektua onartzea. Sailburu berria eta lehendakaria besarkatu ditu ondoren Aburtok, hunkituta.
Ekitaldi ofiziala amaituta, taldeko argazki berria egin dute sailburuek eta lehendakariak, Ajuria Eneko eskaileretan. Adierazpen labur bat irakurri zuen ondoren Toñak. Jauregiko kanpoaldean, bitartean, Ertzaintzako sindikatuetako kideek elkarretaratzea egin dute, «Ez inposizioa, negoziazioa» oihu artean.
Lanbide berregituratzea
Legealdi erdia igaro denean, aurretik dituen lanak laburbildu ditu Toñak. Horien artean Lanbide enplegu zerbitzuaren berregituratzea dago. «Diru sarrerak bermatzeko errentaren, enplegurako prestakuntzaren eta kontratazio bitartekaritzaren eraginkortasuna handitzeko», sailburu berriaren hitzetan. Halaber, arreta soziosanitarioaren eskaintza definitu, eta enplegu nahiz kooperatiben lege berria onartu nahi ditu bere agintaldian.
Sailburutzak abiatu berri duen gizarte elkarrizketaren mahaia «bultzatzen» saiatuko da Toña, «ahal dela eragile guztiekin». ELA eta LAB sindikatuek ez dute mahaian parte hartzen.