Angel Toñak eutsi egin dio azkenean Enplegu sailburu gisa jasotako izendapenari, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Batzorde Etikoaren oniritzia lortuta. Batzorde horrek, ordea, sailburuari helegitea jartzeko gomendioa eman zion. Alegia, Toñak administratzaile konkurtsal gisa aritzeko jasotako ebazpenari helegitea jartzea komeni zela azpimarratu zuen, eta sailburuak iragarria du hala egingo duela. Espainiako Auzitegi Gorenera joko du beste ebazpen baten bila, nahiz eta gaur egun indarrean den zigorra ez den oztopo Enplegu sailburu izateko.
"Bere garaian eta irizpide profesional batetik pentsatu nuen ez zuela merezi, baina orain, politikari gisa, badakit egin behar dudala", esan du sailburuak Radio Euskadin. "Nahastu nintzela esango du norbaitek", adierazi du Toñak inhabilitazioa eragin dion kasuari erreferentzia eginez, baina garbi utzi du ezin dela esan legea urratu zuenik.
Juan Mari Aburtoren lekukoa hartzeko bezperan ezagutu zuen inhabilitazioaren erabaki judiziala, eta ez zion haren berri eman Urkulluri. "Akats politikoa izan zen, maila profesionalean ez baitu eraginik". Toñak azaldu du Urkullu ez zela "haserretu", eta euren arteko "harreman pertsonalak" ere ez duela "kalterik" izan.
Finean, Angel Toñak uste du "benetako datua den arren" inhabilitazioaren gaia ez dela "eraman den lekura eramateko modukoa", eta lehendakaria eta Jaurlaritza higatzeko erabili dela.