Tobin tasa

2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak konpromisoa hartu dute irailean proposamen bat aurkezteko, finantza tratuei zerga bat ezartzeko, Tobin tasa deitua.



Nork asmatu zuen? Izena James Tobini zor dio (1918-2002), 1981ean Ekonomia Nobel saria lortu zuen ekonomista estatubatuarrari.

Zer proposatu zuen? Dibisen salerosketa bakoitzari zerga bat jartzea.

Zertarako? Diruaren truke tasaren aldakortasuna gutxitzeko eta epe motzeko irabaziak nahi zituzten finantza mugimendu espekulatiboak zigortzeko. «Helburua hondarra botatzea da egun edo aste gutxitan joan-etorria egiten duten espekulazio mugimendu olioztatuei», esan zuen Tobinek berak. Mugimendu horiek hamarrenetan egiten dira gaur egun, ordenagailuen bidez.

Zenbateko zerga proposatu zuen? %0,1 eta %0,25 artekoa operazio bakoitzeko.

Jende gehiagok eskatu al du Tobin zerga indarrean jartzeko? Bai. Globalizazioaren aurkako taldeek zerga indarrean jartzeko eskatu zuten 1990eko hamarkadan, herrialde pobreei laguntzeko eta klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko. Zerga hori eskatzeko sortu zen ATTAC mugimendua 1998an Frantzian.

Zer nahi dute Merkelek eta Sarkozyk? Finantza tratuei zerga ezarri nahi diete, etorkizuneko krisiak herritarrek bakarrik ez, baita finantza erakundeek ere ordaintzeko. Dirua funts batean bilduko lukete. Hala ere, Europako Batzordeak diru hori Europako Batasuneko aurrekontua osatzeko erabiltzea aipatu izan du.

Zer egingo dute Merkelek eta Sarkozyk? Tasa indarrean jartzeko proposamen zehatzak aurkeztuko dituzte irailaren amaierarako.

Merkelen eta Sarkozyren proposamena berria al da? Ez. Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministro ohiak tasaren alde hiz egin zuen 2009ko azaroan, G20koen bilera batean. Geroztik Europako Batasunak eta Europako Batzordeak proposamenaren alde egin dute, baina indar handirik gabe. Bankuen irabaziei zergak ezartzeko aukerak aztertzea hobetsi dute.

Nor daude alde? Europako Batzordea, Alemania, Frantzia, Espainia...

Eta kontra? Ameriketako Estatu Batuak, Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala... eta, jakina, finantza erakundeak.

Zenbat diru bil daiteke? Ikerketa Ekonomikoetarako Austriako Institutuaren arabera, iaz Europako finantza tratuek Europako Batasunaren barne produktu gordinaren (BPG) halako 115ekoak izan ziren. %0,05eko zerga ezarriz gero, urtero 215.000 milioi euro bil daitezkeela uste du. Europako Batzordeak iazko urrian 150.000 milioi euroko kopurua aipatu zuen, %0,1eko zerga aplikatuta.

Teknikoki bideragarria al da? Zaila izan daiteke espekulazio operazioen artean bereizketak egitea. Tasa unibertsala balitz, errazagoa litzateke ezartzea.

Ba al du aurrekaririk? Bai. Finantza operazioei zergak ezartzen dizkiote hainbat herrialdetan, Belgikan, Irlandan eta Erresuma Batuan, esaterako. Eta finantza operazioak egiten jarraitzen dute, negozioak ez du zerga paradisuetara alde egin.

Nahitaezkoa al da unibertsala izatea? Mundu guztian ezarriz gero, eraginkorragoa litzateke, baina euroguneko herrialdeek bakarrik onartuta ere, oso garrantzitsua da.

Konponduko al ditu finantza sistemako gehiegikeriak? Berak bakarrik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.