Enpresak

Trantsiziorako ituna sinatu dute Laminaciones Arreguin

Bide judiziala saihesteko akordioa dela azaldu dute langileek

Laminaciones Arreguiko langileen manifestazioa, 2014ko urtarrilean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2016ko martxoaren 9a
12:04
Entzun

Otsailean amaitutzat eman zuten langileek lau urte iraun duen gatazka, eta herenegun sinatu zuten Laminaciones Arreguiko zuzendaritzaren eta langileen arteko behin betiko akordioa, ELA, LAB eta ESK-k jakinarazi dutenez. Horrela, etendura eta aldi baterako enplegu erregulazio espedientea ezarriko dira. "Enpresak uko egingo dio alde bateko inposizioari eta enpesa batzordeak proposatutako neurriak onartuko ditu", adierazi dute ohar bidez.

Sindikatuek, gainera, ez dute bide judizialera joko dosierraren kontra egiteko, eta aurrekoaren kontrako salaketa erretiratu egingo dute. "Ez da, hortaz, espedientea sinatzeko akordioa, bere arrazoiak konpartitzen ez ditugulako, ezta nahi genituen berme guztiak jasotzen dituelako, bide judiziala ekiditeko baizik". 

Akordioari esker datozen bi urteetan enpresak eta langileek "nolabaiteko lasaitasuna" biziko dutelakoan daude sindikatuak, jarduera etenda eta langabezia saria kobratzen egon arren, ez delako behartutako kaleratzerik egongo eta lan hitzarmenean jasotako lan baldintzei eutsiko zaielako. 

Oharrean nabarmendu dute, gainera, etenduraren ondorioak konpentsatzeko mekanismoak ezarri dituztela akordioan, eta horien ezarpen arbitrarioak saihestu dituztela.

Aurreko dosierrak, baliogabetuta 

Herenegun sinatutako itunak automatikoki baliogabetu egin du 2014ko espedientea, enpresak UGT, CCOO eta CIGekin sinatutakoa. 2015eko aldi baterako erregulazio dosierra ere indarrik barik laga du.

ELA, LAB eta ESK-k baliotsutzat jo dute sinatutako akordioa: "Urte luzeko borroka, salaketa, epai judzial eta sufrimendu handien ondoren, Celsa Taldeak kudeatzaile berri batengana jo du enpresarako, eta espero dugu fase berri baten hasiera izango dela, negoziazio eta akordioaren bidez Laminaciones Arreguiko enplegua etajarduera industriala izango duena lehentasun moduan".    

Era berean, sindikatuek trantsiziorako akordioarekin bat egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta enpresaren etorkizuna ziurtatzeko. "Eusko Jaurlaritzak jarera proaktiboa hartu behar du, eta enpresa honen jarduera eta enpleguaren alde egin". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.