Azken urteotan lanez gainezka izan dira CAFen eta eskarien zerrendari begiratuz gero, ez zaie lanik faltako hurrengo urteotan, Iazko abenduaren 31ean, CAFek 1.590 milioi euroko eskariei egin behar zien aurre; hau da, 12 hilabete aurretik baino %14,2 gehiago. Orain, atzoko adjudikazioekin eskari kartera 2.500 milioi euro ingurura handitu zaio.
Eskariaren erdia Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetarako da, eta gainontzekoa beste herrialdeetarako. Urtetik urtera merkatu gehiagotara ari da hedatzen CAF. Esaterako, Hungarian CAFek egindako abiadura handiko bagoiak baliatzen dituzte; Herbehereetan, Amsterdameko metroko linea batek CAFen trenak erabiltzen ditu; Ingalaterran, Londresko Heathrow aireportuaren eta Paddington geltokiaren arteko lotura CAFen bagoietan egiten dute milioika bidaiarik, eta Leedsen ere badaude Beasainen egindako trenak; Helsinki inguruko trenak eta Portugalgo hainbat tranbia eta bi solairuko bagoiak ere CAFek egindakoak dira.Europatik kanpo ere aspaldi zabaldu da. Besteak beste, CAFek egin dituHong Kong-eko aireportutik hirira doan linea, Washingtongo eta Sacramentoko metroetako dozenaka bagoi, Mexico DF eta Monterreyko hainbat metro-linea, eta Brasilgo eta Argentinako ibilbideko laburreko hainbat tren. CAFek amaitu duen azken lanen artean dago Dublin eta inguruetarako diesel trena. Irlandan ere, hainbat bagoi entregatu berri ditu Irish Railentzat, eta berdin egin du Bartzelonako eta Madrilgo metroetarako, Kataluniako Generalitateak kudeatzen dituen lineetarako, Northern Spirit linearako eta Mallorca inguruko trenbideetarako. Hedapena hedapen, Renfe da oraindik CAFen bezero nagusia. Aurki Espainiako trenbide konpainiako lineatan zirkulatzen hasiko den S/598 diesel-trenari azken probak egiten ari zaizkio.
Eskari gehiago
Kontratu ugari sinatu ditu azkenaldian CAFek, horietako bat Euskal Herrian: Bilboko tranbia (Eusko Tran). Diseinu eta eraikuntza lanetan daude Mexikoko metrorako zenbait proiektu, Brusela eta Erromako lurrazpiko trenbideetarako, eta Sevillako metro arina.
Probatzen ari dira Ipar Irlandako Northern Ireland Railwayserako egindako lehen unitatea. Halaber amaitzear dago Renferentzat egindako tren-lanzadera bat.
TRENGINTZA. 2.500 milioi euroko eskariari aurre egin behar dio CAFek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu