Krisiaren gogortzea. Europako Banku Zentralaren erantzuna

Trichetek agur esan du, interes tasak jaitsi gabe

Ekonomia asko moteltzen ari dela onartu arren, Europako Banku Zentralak beste baterako utzi du dirua merkatzeko aukeraBankuei zedulak erosiko dizkie, eta likidezia bermatu, maileguetarako dirua izan dezaten

Iker Aranburu.
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralaren independentzia sakratuaren adibidea emanez esan du agur Jean Claude Trichet erakunde horretako presidenteak. Banku zentralak entzungor egin dio interes tasak jaisteko jasan duen eskaera inoiz baino ozenagoari. Are gehiago, Trichetek ez du iradoki hurrengo bileretan jaitsiko dutela. Bankuei laguntzeko eskaerei, ordea, jaramon egin die EBZk, eta nahi beste likidezia emango die hurrengo hilabeteotan ere, kapital gehiago jaso bitartean.

Ikusmina eragin zuen EBZko kontseiluaren hil hasierako bilerak, azken aldia baitzen Tricheten gidaritzapean egin behar zutena. Azaroaren 1ean haren kargua hartuko du Mario Draghi italiarrak. Eta hari egokituko zaio interes tasak %1,5etik behera jaisteko erreguari erantzutea. Atzo entzundakoa aintzat hartuta —Trichetek nabarmendu du «txikiak» direla—, baliteke halakorik ez gertatzea. Izan ere, EBZ inflazioarengatik kezkatuta dago berriro. Irailean ustekabean gora egin zuen —%2,5etik %3ra—, energiaren prezioak bultzatuta. Datu horrek zapuztu egin du interes tasak jaisteko asmoa, atzoko bileran «adostasuna» zegoela esatean, Trichetek iradoki duen arren kontseiluko 23 kideetatikbatzuk jaistearen alde zeudela.

EBZk onartu du aurten prezioak %2ko muga desiratutik gora egongo direla, baina 2012an jaitsiko direla espero du. Hazkundearen erritmoari buruz, ezkorrago azaldu da. Urtearen bigarren erdian moteldu egin dela aitortu du, eta hazkunde «oso moderatua» iragarri du, «finantza merkatuen tentsioek eta finantzatzeko baldintza txarrek» eraginda.

Laguntzak bankuei

Baina egin ez zuena bezain garrantzitsua da EBZk egin zuena: bankuei laguntzak emango dizkie hurrengo hilabeteotan aurrera egin dezaten.

Batetik, krisiaren lehen epean indarrean jarritako politika bat berreskuratuko du: bankuen bonu bermatuak edo zedula hipotekarioak erostea, hots, etxebizitza maileguetan edo administrazioaren zorretan oinarritutako bonuak. Bankuek jaulki dezaketen zorrik seguruena da. Lehen zein bigarren merkatuan arituko da EBZ, hau da, zuzenean eta inbertsiogileen arteko salerosketetan. Erabakia aho batez hartu du banku zentralak, halako neurri heterodoxoen aurka azaldu ohi diren Alemaniako ordezkarien oniritziarekin.

Planak urtebete iraungo du, 2012ko urrira arte. Trichetek iragarri du 40.000 milioi erosiko dituztela. Ez da diru asko —2009tik aurrera 60.000 milioi erosi zituen, horietatik erdiak Hego Euskal Herriko edo Espainiako finantza erakundeei—, baina EBZk espero du merkatua berriz irekitzeko adina izango dela, azken hilabeteotan praktikoki itxita egon denezbanku askok dirua lortzeko zailtasunak izan dituztelako.

Bigarrenik, bankuei luzerako nahi beste likidezia ziurtatuko die EBZk, dirua familiengana eta enpresengana iritsiko den itxaropenarekin. Bi enkante egingo ditu, eta dirua hamabi edo hamahiru hilabetean itzuli beharko dute finantza erakundeek, interes tasa finko batekin. Neurri hori indarrean egon zen Lehman Brothersek porrot egin eta gutxira, baina 2009 amaieran eten zuen EBZk, krisiaren okerrena gaindituta zegoelakoan. Epe laburreko ezohiko finantzaketa operazioei eutsiko die EBZk.

Zorraren gaia, EFSFrentzat

Estatuen zorra erosten jarraitzeari buruz ez du hain argi hitz egin Trichetek. Orain arte EBZk 160.000 milioi erosi ditu, baina espero du lan hori Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsak (EFSF) egingo duela, estatukide guztiek haren erreforma onartzen dutenean. Alboan zuen Bundesbankeko Jens Weidmann belatz alemaniarrari keinu egin nahian, zorraren krisia konpontzearen ardura gobernuena dela nabarmendu du Trichetek.

Europako bankuek behar duten kapital kopuruari buruzko daturik ez du eman nahi izan Trichetek. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak, berriz, Europako estatuei eskatu die «ekintza koordinatu» bat egin dezaten bankuen kapitala sendotzeko eta finantza erakunde horiek dituzten aktibo toxikoak bere gain hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.