Wim Duisenberg Europako Banku Zentraleko presidentea atzo prentsaurrekoan lehen aldiz bere lekukoa hartuko duen Jean-Claude Trichet egungo Frantziako Bankuko gobernadoreaz mintzatu zen. «Uztailaren 1etik aurrera» hartuko duela postua baieztatu zuen bankari holandarrak.
Duisenbergek uztailean utzi nahi zuen kargua, baina Trichet Credit Lyonnays finantza erakundearen iruzur kasuagatik epaitua izan denez, atzeratu egin da izendapena. Azkenean, Frantziako Auzitegi Korrekzionalak errugabetzat jo zuen Trichet ekainean, baina ordurako beranduegi zen Duisenbergen nahia betetzeko: «Burokrazia arazoak direla eta, egun posible bakarra azaroaren 1a da», azaldu zuen Duisenbergek. Pixka bat gehiago itxaron beharko du, beraz, kargua uzteko.
Trichetek Duisenbergen lekukoa hartzen duenean,ekonomiak motelaldian barneratuta segituko du. Atzo jakinarazi zuen Eurostat estatistika erakundeak lehen hiru hilabeteetan Eurogunean Barne Produktu Gordina %0,1 baino ez zela hazi, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta %0,8 iazko epe berararekin erkatuz gero. Abenduan, aldiz, urtebeteko hazkunde ekonomikoa %1,2koa izan zen. Horrek esan nahi du hiru hilabeteotan gehiago moteldu dela.
Zenbait herrialdetan, gainera, kezkatzeko adinako datuak agertu ditu estatistika erakundeak, urtarriletik martxora bitartean, Finlandiak (-%1,3), Alemaniak (-%0,2), Italiak eta Herbehereek (-%0,1) atzera egin baitzuten.
Adierazle ekonomikoen inguruan, Eurostatek datuek aldeko zein kontrako joerak agertu ditu. Kontsumoaren gastua, kasu, %0,4 igo zen lehen hiru hilabeteetan. Alderantziz, industriaren neurgailu diren inbertsioek %1,2 egin zuten behera >iazko azken hiruhilekoan, berriz, %0,2 igo ziren. Era berean, esportazioek %0,6 behera egin zuten. Euroaren sendotasunak izango zuen zerikusirik.
Ekonomia noiz sendotuko, hori da orain gakoa. Duisenbergen esanetan, uztailetik abendura «oso pixkanaka» hasiko da suspertzen ekonomia. Industriaren eta kontsumitzaileen konfiantza «behinik behin» ez dela jaitsi gaineratu zuen. Sendotzeko bidea zein den ere erakutsi zuen Duisenbergek: inflazio txikiagoa eta ondorioz diru sarrera handiagoak, interes tasa apalak eta kanpoko eskaria indartzea.
Baina ekonomiaren gaineko arriskuak ez dira desagertu. Duisenbergen iritziz, ez dago Eurogunearen esku hori saihestea, Japoniaren eta AEBen esku baizik: zehazki, AEBen merkataritza defizita eta Japoniako hazkunde pattala dira arrisku nagusiak.
Prezioen bilakaera gertutik zaindu ohi du EBZk, eta inflazioaren igoera eragozteko asmoz, egungo diruaren prezioa «egokia» dela iritzi zion atzo. Horregatik, atzo ez zituen Euroguneko interes tasak jaitsi.
Diru merkatuetan euroak aldaketa handirik gabe pasatu zuen eguna. Ziurtzat ematen zen EBZk ez zuela interes tasarik ukituko, eta ondorioz, ez zuen ezusterik izan diru berriak. EBZk berak 1,1342 dolarretan ezarri zuen truke ofiziala.>
Interes tasak %3,5era jaitsi ditu Ingalaterrako Bankuak
EBZk ez, baina Ingalaterrako Bankuak atzo puntu laurden jaitsi zuen diruaren prezioa, %3,5eraino. Neurriak ezustean harrapatu ditu ekonomia adituak. Ekonomia sendotzeko xedearekin hartu du erabakia.
Trichetek azaroan ordezkatuko duela berretsi du Duisenbergek
«Arrazoi burokratikoak direla eta» izendapena lehenago ezin dela egin arrazoitu du Europako Banku Zentraleko egungo presidenteak; oraingo interes tasak «egokiak» direnez, %2an mantendu ditu EBZk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu