Krisia Europan

Troikak defizit helburua malgutu dio Portugali

Pedro Passos Coelhoren gobernuak kontu publikoak orekatzeko egindako ahaleginak onartu, eta epea luzatu diote EBk eta NDFk murrizketa gehiago egin ditzan.

xabier martin
2013ko martxoaren 15a
14:37
Entzun

Portugalgo Finantza ministro Victor Gasparrek eman du berria: troika gustura dago Portugal egiten ari den lanarekin kontu publikoak "orekatzeko". Horregatik, Europako Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak epea luzatu diote "egin beharreko doikuntzak" debora luzeagoan egin daitezen. Defizitaren helburua malgutu diote Portugali finean, eta urtebete gehiago eman 4.000 milioi euro aurrez dezan estatuaren erreformaren bidez.

Troikaren oniritziak (EB, NDF eta EBZ) erreskatearen beste zati bat jasotzea ahalbidetuko dio Portugali, 2.000 milioi euro. Horrenbestez, erreskate osoaren %90 jasoko du. Mailegu hori 2011ko maiatzean eman zioten.

BPGaren %4,5 ez, baina %5,5 izango da bete beharreko defizit helburua 2013rako. 2014rako, berriz, puntu eta erdi malgutu dute defizit helburua: %4 izango da xedea, eta ez aurretik ezarritako %2,5. 2015erako bete beharko du Portugalek BPGaren %2,5eko defizitaren helburu hori. Hala, Portugalek urtebete gehiago izango du bere defizita %3tik behera jartzeko.

Era berean, troikak onartu du Portugalgo gobernu kontserbadoareak proposatutako estatuaren erreforma hiru urtean egin ahal izatea,  2013, 2014 eta 2015ean, eta ez bian, aurretik finkatu zen moduan. Hala, 4.000 milioi euro murrizteko urtebete gehiago izango du gobernuak.

Estatu erreforma eztabaida politikoaren erdian dago aspaldian Portugalen, gobernua zein ataletan murriztuko duen aztertzen ari baita dagoeneko. Hezkuntza eta osasunean eragina izango duela argi geratu da jadanik; hala gomendatu zion urtarrilean Nazioarteko Diru Funtsak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.