Europako Batasuna benetan fundamentua duen norbaitek gidatzen ote duen galdetzeko, biharamun aproposa izan zen. Orain dela urtebete, asteburu honetan, Zipreren erreskaterako baldintzak hitzartu zituzten troikak eta Nikosiako gobernuak. Akordio berritzailea zen, lehen aldiz indarrean jartzen zelako bail-in kontzeptua: hots, bankuetako inbertitzaileek galeren parte bat euren gain hartzea. Baten bat pasatu egin zen, ordea: 100.000 euro arteko gordailuei ere ordainaraztea erabaki zen, ordura arte finantza krisiak ezarritako marra gorria erabat hautsita. Azkenean, zurrunbiloa gelditzeko, atzera egin eta erreskatea berriro egituratu behar izan zuten.
Zabuka ibili den erantzun politika baten azken adibidea zen. Zerrendako azkena zen Zipre. Azken erreskatea, troikaren ereduari jarraituz; 10.000 milioi euroko mailegu baldintzatua, 2016. urtera arteko finantza beharrak asetzeko. Behin kutsadura global bat pizteko arriskua gaindituta —bigarren erreskateak ez zituen ukitu gordailu txikiak—, gaurkotasunetik desagertu zen Mediterraneoko uhartea, bere bakardadean krisiari aurre egiteko.
Urtebete geroago, gaixoa gaixo dago oraindik, noski, egindako zuloa ez baita konponduko egun batetik bestera. Ekonomia aurreikuspenik txarrenak dituen Europako herrialdea da gaur egun. Hala ere, nazioartean hedatu den baikortasun giroa ere iritsi da Nikosiaraino. «Badirudi beste ekonomia mirari bat izateko bidean dagoela Zipre», ziurtatu zuen Nikos Anastiasides herrialdeko presidenteak, orain dela aste batzuk.
Bi bertsio horien artean dago, ziur aski, errealitatea. Uharteko ekonomia sufritzen ari da, espero zitekeen bezala. Barne produktu gordina %6 erori zen joan den urtean. Aurten ere ia beste hainbeste erortzeko aukera kalkulatu du EBk neguko aurreikuspenetan. Edonola ere, baikortasuna elikatu du erreskatea gauzatu zenean espero zen erorketa baino arinagoa izateak.
Soldatek, behera
«Batetik, turismoaren eta zerbitzu profesionalen sektoreek espero baino hobeto eutsi diote, eta, bestetik, kontsumo pribatua espero zena baino gutxiago murriztu da», dio Bruselak herrialdeari buruz egin duen azken azterketak. Hori bai, irlako langileen soldatak ordaintzeko diru kopurua %5 jaitsi da urtebetean, eta aurten beste %3 galtzea aurreikusita dago. Bitarte horretan, langabezia lau puntu igo da, %16 arte.
Ekaitzaren erdian, alderik distiratsuenak azpimarratzen saiatu da gobernua: esaterako, turismo sektorearen egoera. Krisiak eztanda egin zuenean, bisitak %70 jaitsi ziren. Bi astez, irlako bankuak itxita egon ziren, eta, ondoren, kapitala mugitzeko mugak ezarri ziren, oraindik ere indarrean daudenak. Testuinguru horretan, balizko turisten lehen erantzuna uhartea baztertzea izan zen. Ez zuen luzerako iraun, ordea.
Turismoa kudeatzen duen agentzia ofizialaren arabera, bisitari kopurua %2,4 baino ez zen txikitu joan den urtean. Guztira, 2,4 milioi turista jaso zituen herrialdeak, bereziki kostaldeko hondartza guneetan. Zein izan da gakoa? Errusiatik iritsitako turista kopurua %28 handitu zen, 600.000 baino gehiago izateraino. Batez ere, errenta handiko turistak izan ziren, eta, horri esker, turismoak uhartean utzitako diru sarrerak aurreko urtean baino handiagoak izan ziren.
Aurrera egiteko, sektore garrantzitsua da turismoa, BPGaren %12 sortzen duelako. Halaber, bisitari kopuruak agerian utzi du errusiarrek ez diotela bizkarra eman Zipreri, diru mugimenduei ezarritako mugek bestelako erreakzio bat iradokitzen zuten arren. Finantza zerbitzuak erakarrita, Errusiatik milaka milioiko inbertsioak jaso ditu Ziprek azken urteotan. Gertutasun horrek susmo handiak sortu ditu Europan, bereziki Alemanian, herrialdea ustez diru zikina garbitzeko tokia bihurtzen ari zela iritzita.
Bankuak dira arazo
Argi horiek kenduta, egoera iluna da. Arazorik handiena bankuen egoera da. Uharteko finantza erakundeen ahuleziak erreskatea behartu zuen, eta, gaur egun ere, bere horretan jarraitzen du horri buruzko zalantzak. Irlako mailegu emaile nagusiak, Cyprus Bankek, 4.000 milioi euroren galerak izan ditu azken bi urteotan.
Erreskatearen kudeaketak ere liskar politikoak areagotu ditu. Argindar, telekomunikazio eta portuetako enpresa publikoak pribatizatzeko lege proiektuak gobernu koalizioa apurtu zuen, nahiz eta bigarren bozketan aurrera atera. Troikaren eskaera bete eta 1.400 milioi eskuratu nahi ditu gobernuak, baina lege horrek protesta esanguratsuak eragin ditu. Bestalde, Panikos Demetriades Zipreko Bankuko zentraleko gobernadoreak dimisioa eman du, presidentearekin tirabira ugari izan ondoren.