Lantegi barruan tentsio uneak izan dituzte langileak kanporatu dituztenean. Langileak aurre egin, eta goiko aldera igo dira. Leihoetan pankartak zabaldu dituzte. Ertzaintzak, ordea, langileak aterarazi ditu, sare sozialetan zabaldu diren argazkietan ikus daitekeenez. Kalera atera ahala kanpoan bildutakoen txaloak jaso dituzte. Senitartekoak eta inguruetako enpresetako langileak joan zaizkie gaur babesa ematera ate nagusira. Azken langilea ateratzearekin batera, ordea, epaitegietako ordezkariak sartu eta serraila aldatu diote ateari.
Troquenorren gaur goizean gertatutakoa salatu du ELA sindikatuak. Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiak Jaurlaritzari galdegin dio bere industria politika ertzaintza bidalzea den. "Herri honetan ez dago industria politikarik", ondorioztatu du. "Produktua eta etorkizuna dauka enpresak", baina "enpresa ia irtenbiderik gabe utzi dutenek ondasunekin geratzeko prozesua egin" dutela salatu du. Txalogarria iruditu zaio, berriz, "langileek erakutsi duten duintasuna beren lanpostuak defendatzerakoan".
Maribi Ugarteburu Bilduko parlamentaria ere han izan da, eta kazetari batekin barrura sartzen uzteko eskatu die ertzainei, baina ukatu egin diote.
#Troquenor kazetari bat eta neu parlamentari lez barruan sartzea eskatu dugu, langileekiko tratua ikuskatzeko. Erantzuna, EZ.
— Maribi Ugarteburu (@mugarteburu) June 18, 2013
Ertzaintza 10:30ak inguruan sartu da lantegira alboko ate bat apurtu ostean. Maiatzaren 6tik zeuden langileak itxialdian, eta ertzainek sartuko zirela mehatxu egin arren, barruan geratzea erabaki dute. Ertzaintzako alboko atetik sartu da azkenean, goizetik kanpoan bilduta zeudenak saihesteko. Horiek enpresaren alde egitea aurpegiratu diete ertzainei, eta langileak direla esan diete, "ez delitugileak".
"Historian lehen aldia da hau kaleratuak izan gabe enpresa bateko langileak kanporatzen dituztena", esan du Jesus Alberto Llona langile batzordeko presidenteak. "250.000 eurogatik kanporatzen gaituzte, enpresariak Gizarte Segurantzari eta Eusko Jaurlaritzari zenbait milioi euro zor dizkion arren. Ordain dezala lehenengo zor duena, eta etor daitezela gero gu kaleratzera. Eurei ez diete ordainarazten", gaineratu du.
Bitan banatu da Ertzaintza
Sondikako Troquenor lantegira (Bizkaia) 10:00ak inguruan iritsi da epaitegiko ordezkaria Ertzaintzaren babesarekin. Asko izan dira Sondikara hurbildu diren furgonetak, eta ertzainak, ehun inguru, bitan banatu dira lantegiaren eta langileen defentsan desjabetzea oztopatzeko bildu direnei iskin egiteko. Alde batetik, han bilduta zeudenei aurre egin die Ertzaintzak, eta, bestetik, sarrera nagusia ez den beste batetik lantegira sartu da.
Epaitegiko ordezkaria langile batzordeko ordezkariekin hitz egiten aritu da iritsi eta berehala. Esan die desjabetzea etetea ez dagoela bere esku. Langileek ez dute amore eman, ordea, eta bere horretan geratu da egoera, Ertzaintzak sartzea erabaki duen arte. Tentsio uneak bizi izan dira orduan.
Inguruetako enpresetako langileak, babesa ematen
Enpresako jabeek tresneria eraman nahi dute, eta, hori oztopatzeko, 120 langileak zeuden lantegian itxita. Elkartasunez, goizean goizetik, horien familiak eta inguruetako enpresetako beste langile batzuk kanpoan bildu dira. Ertzaintzaren zain izan dira, eta goizeko hamarrak baino lehen iritsi dira horiek, epaitegiko ordezkariarekin. Hainbat ertzain joan dira Troquenorrera, hamar furgoneta inguru, eta tentsioa handitu da.
Desjabetzea oztopatzeko protesta egiteaz gain lantegiko atea kate batekin eta sarraila batekin itxi dute. Eraman nahi duten tresneria oso baliagarria dela esan dute langileek, eta, hori eramanez gero, ez lukete aterabiderik izango. Lehenago ere saiatu ziren enpresa desjabetzen, maiatzean. Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatu diote langileek.
"Gizarte osoaren aurkako ekintza"
Langileek diotenez, desjabetuz gero "gizarte osoaren aurkako ekintza" izango da. Azaldu dute Troquenor zenaren ugazabek "hondoratu" zutela enpresa, "kudeaketa tamalgarriagatik", eta gogorarazi dute milioika euroren zorrak dituztela erakunde publikoekin.
"Desjabetzearekin zituzten zorrei muzin egin, eta lantegiaren tresneria baliotsua eskuratzeko aukera izango dute". Horrez gain, 120 langileak kalean geratuko direla adierazi dute. Hala, desjabetzea eragozteko laguntza eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Zazpi milioi euroko zorra
Langileek emandako datuen arabera, enpresak 7 milioi euro zor dizkio Jaurlaritzari, beste 7 milioi Gizarte Segurantzari, eta 3,6 milioi Bizkaiko Ogasunari. "Ezin dugu ahaztu langileok 250.000 euroko zor baten ondorioz kaleratuko gaituztela". Enpresak etorkizuna izan dezakeelakoan daude, dituen tresnengatik eta langileriaren jakinduriagatik.
Maiatzaren hasieran epaitegiko ordezkaria eta sarrailagilea joan ziren lantegia desjabetzera, baina enpresako 120 beharginak aurkitu zituzten atarian, prozesua oztopatzeko asmoz, eta lortu zuten. Gaur ere, lanpostuak defendatuko dituztela iragarri dute.
Inasa gogoan
Troquenorren gertatzen ari denak Irurtzunen (Nafarroa) Inasa enpresarekin gertatutakoa dakar gogora. Han ere tresneria eraman nahi izan zuten jabeek, baina langileek herri harresia eraiki zuten, eta oztopatu egin zuten, beste irteera bat posible zela aldarrikatuz.
Aurreko astean inbertsoreak berriro izan ziren Inasan, negoziatzeko prest.