LAN GATAZKA

TRWko zuzendaritzaren azken eskaintza onartu dute langileek

123 kaleratzeei eutsi die zuzendaritzak, Iruñeko planta mantentzearen truke. Aldeko 327 boto jaso ditu zuzendaritzaren proposamenak, kontrako 223, eta hamar zuri.

Protesta ugari egin dituzte TRWko langileek erregulazio espedientearen aurka. Iruidian, TRWren Iruñeko fabrika, joan den ostegunean. JESUS DIGES / EFE
2016ko otsailaren 24a
07:14
Entzun

Egun luze eta gogorra izan zen atzokoa Landabengo TRWko langileentzat. Ibilgailuen direkzio hidraulikoak ekoizten dituen multinazionaleko zuzendaritzak 123 kaleratzeei eutsi zien behin betiko eskaintzan. Sindikatu guztiek jo zuten txartzat TRWren eskaintza, baina langile batzordean gehiengoa duten sindikatuek, CCOOk eta UGTk, boto askatasuna eman zieten langileei. ELA eta LAB, aldiz, greba mugagabearen alde agertu ziren.

Atzo amaitu zen joan den ostiralean TRWk eta langileek elkarri emandako epea; ituna lortzeko azken aukera. TRWko Europako bi arduradunekin bildu zen langile batzordea atzo goizean Iruñeko Tres Reyes hotelean; Maciej Gwozdz Europako operazio arloko lehendakariordearekin eta Martin Furber giza baliabideetako zuzendariarekin. Bileraren ostean, Gwozdzek ziurtatu zuen TRW fabrikaren etorkizuna bermatzeko prest dagoela 123 langile kaleratuz gero: lau urteko lan hitzarmena proposatu die langileei.

Lanaldia igo, soldata izoztu

Bi ardatz nagusi ditu enpresak egindako azken proposamenak; kaleratzeei dagokiena eta lan hitzarmenei dagokiena. Bietan egon da ñabardura txikiren bat, baina ez nahikorik, batzordeko ordezkari Pedro Larrearen (LAB) aburuz: «Iruñera plan batekin etorri dira, eta hori makillatu besterik ez dute egin azken bileran». Enpresak ostiralean proposatutako 123 kaleratzeak berretsi ditu —620 langile ari dira plantan—, baina erretiro aurreratua edo borondatez enpresa uzteko aukera izango dute zenbait langilek.

Hasieran proposatutako 250 kaleratzeen ordez, erdiak izango dira, beraz. Lan egindako urte bakoitzeko 38 eguneko kalte-ordaina izango dute, eta gehienez 24 hileroko ordaina. Halaber, fabrikan gelditzen diren langileen baldintzak gogortuko dituela iragarri du TRWk. Besteak beste, lehenengo urteetan urteko 24 ordu gehiago egin beharko dute lan, eta azken urtean 40 ordu handituko da lanaldia. Soldata ere izoztuko diete. 2013an sinatutako hitzarmen kolektiboan ere antzeko neurriak hartu ziren; soldatak jaitsi eta lanaldiak luzatu.

Duela hiru urte TRWk 353 langile kaleratzeko mehatxua egin zuen, eta oraingoan hitzetatik ekintzetara pasatu dira. Urtarrilaren 12an hasi zen Iruñeko ZF-TRWko langileen amesgaiztoa, 250 kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztu zuenean. Langileek, lan hitzarmena negoziatzen hasi aurretik, espedientea kentzeko exijitu zioten enpresari.

Era berean, protesta ugari egin dituzte; txanda bakoitzeko lau orduko lanuzteak, eta hilabete bukaeran manifestazio jendetsu bat ere egin zuten, Nafarroako Parlamentuko talde guztien ordezkariekin. Espedientea negoziatzeko epea iragan astean amaitu zen, inongo adostasunik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.