Enpresak

TS Fundiciones azken fase judizialean sartu da berpiztu aurretik

Euskapitals eta Gonvarri  taldeen artean erabaki beharko du aurki Malagon epaileak, gaur bertan bukatzen baita eskaintzak egiteko konkurtsoaren azken fasea.

TS Fundiciones lantegiko langileen elkarretaratzea Donostiako epaitegiaren aurrean, urtarrilean, enpresaren bideragarritasun plana aldarrikatuz. JON URBE, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko maiatzaren 13a
08:18
Entzun

Donostiako Merkataritza arloko epaile Pedro Malagon Arroako (Zestoa, Gipuzkoa) TS Fundiciones enpresaren konkurtsoaren azken urratsak egiteko tenorean da. Enpresa berriro martxan jartzeko asmoa azaldu duten hautagaien artean aukeratu beharko du epaileak luze gabe, gaur bertan bukatuko baita eskaintza horiek egiteko epemuga. Halaxe esan die langileei epaileak.

Halaber, azaldu die Euskapitals Partners eta Gonvarri Renewable Industries taldeen eskaintzak jaso direla behin betiko fasean. Langileek ez dute baztertu, hala ere, gaur beste eskaintzen bat azaldu daitekeenik.

Urtarrilean administratzaile judizialek Euskapitalsen alde egiteko esan zion epaileari. Haren industria planaren arabera, 68 lanpostu sortuko lirateke TS Fundiciones ohian, Arroan. 106 langilek osatuko lukete enpresa berriaren lantaldea bigarren urterako, eta 121ek hirugarren urterako. Euskapital Partnersen enplegu asmoak oinarrizkoak izan dira konkurtso administratzaileak haren aldeko apustua egin dezan. Talde horren buru Javier Agirre TS Fundicioneseko zuzendaritzako kide izan zen 2010 eta 2012 artean. 

Azken erabakia Pedro Malagon Donostiako Merkataritza arloko titularraren esku dago, ordea. TS Fundicionesek sektore eolikoan jarduten zuen; enpresak porrot egin zuen 2014an. Azaroan konkurtsoan sartu zen, eta 150 langilek euren lanpostuak galdu zituzten. Gaur egun ehun bat badira enpresa berriro martxan jartzea ahalbidetuko lukeen adjudikazioaren proiektuaren zain.

Foru Aldundia, gustura

"Datozen asteetan esleituko du epaileak Sansineneako instalazioa eta horrek aukera emango du jarduera berriro abian jartzeko eta lanpostu kopuru garrantzitsu bati eusteko",  jakinarazi du Jon Peli Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko foru diputatuak. "Hasierako interesik eza eta TS Fundiciones erortzen uzteko sektoreren baten presioa, TS eskuratzeko gogoz dauden hiru eskaintzaileren arteko xake partida bihurtu da. Horrek esan nahi du Arroako enpresak etorkizuna zuela uste genuenok bete-betean asmatu genuela” azaldu du Uriguenek.

Berrikuntza diputatuak ez du ezkutatu adjudikazioa uste baino gehiago atzeratu dela, nahzi eta horrek abantial batzuk izan dituen azkenean. “Nahiz eta TS Fundiciones enpresarekiko lehia estuak nahi baino gehiago atzeratu duen prozesua, atzerapen horrek aukera eman du inbertsiogileek argi eta garbi adierazteko jarduerak aurrera jarraitzearen eta 120 lanpostu baino gehiago mantentzearen aldeko apustua egin nahi dutela”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.