Amaitzen ez den amesgaiztoa da Zestoako TS Fundiciones enpresako langileena. Enplegu erregulazio bat bukatzerako bestea datorkiela iragartzen die zuzendaritzak. Aurrekoa baino gogorragoa, gainera. Baina, atzoko albisteak, ezustean harrapatu zituen guztiak, inork ez zuen uste halakorik entzutera iritsiko zirenik. Esaerak ondo dioen moduan gaizki doana beti okertu daiteke gehiago. Hala ere, kostako zaie entzutea zuzendaritzak 75 lagun kale gorrian utziko dituela baino berri okerragorik.
Hiru urtean zuritik beltzera aldatu da TS Fundiciones enpresako egoera. 2007an, haize errotetarako osagaietan munduko ekoizlerik handienetakoa zen, merkatu kuotaren %15arekin. Ordura arte zuten lantegian kabitu ezin, eta berri bat eraiki zuten herriko beste industriagune batean, 36 milioi euro inbertituta. Instalazio berriek erakarrita, munduko bazter guztietako enpresaburuak zetozen Zestoara, inongo teknologiarik onena han zerbiltelako. Urte hartan, 150 langiletik 300era handitu zuten taldea, 55 milioi euro fakturatu zituzten, eta Gipuzkoako enpresaburu onenaren saria eman zioten Aingeru Aizpuru presidenteari. Dudarik gabe, edonori inbidia emateko moduko enpresa zen Zestoakoa.
Baina, onenei ere eragin die krisiak, eta TS Fundiciones ez da salbuespena izan. Iazko apirilean enplegua erregulatzeko neurriak hartu zituen zuzendaritzak. Lehendabiziko dosier hark langile guztiei eragin zien, sei hilabetez. Hura bukatzerako enpresak prest zuen bigarrena, are gordinagoa. Aldi baterako langileak kaleratu zituen aurrena; eta «kausa objetiboak» arrazoituta 25 langile finko hurrena. Berez, aurtengo urtearekin batera amaitzekoa zen bigarren erregulazioaren indarraldia. Baina, zuzendaritzak bestelako asmoak jakinarazi dizkie langileei: lehenbailehen ezarri nahi du hirugarren erregulazioa. Eta bigarrena aurrenekoa baino gogorragoa bazen, hirugarrena izango da guztietan latzena, 75 lanpostu desagerraraziko dituelako.
Enpresan geratzeko zortea duten langileek erregulazio neurrien eraginpean jarraituko dute lanean. Orain, soldataren %20 besterik ez die ordaintzen enpresak, beste %80 langabezia saritik jasotzen dute. Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak hirugarren erregulazioa onartzera, portzentaje horiekzertxoait aldatu egingo lirateke, baina soldataren zati bat langabezia saritik jasotzen jarraitukodute.
Zerrenda beltzaren zain
Langile batzordeko kideek duela hiruzpalau egun izan zuten zuzendaritzaren intentzioen berri; langileek, aldiz, atzo. Albisteak ezustean harrapatu ditu bai batzuk eta bai besteak. Neurri batean, engainatuak sentitzen dira. «Beti esan izan digute energia eolikoarena etorkizun handiko sektorea dela. Eta orain diote industrian argindarraren kontsumoa jaitsi egin dela, nahikoa energia sortzen dela eta parke eolikoak eraikitzeko gobernuen inbertsioak geldituta daudela». Kosta egiten zaie sinestea horren denbora gutxian igaro daitekeenik puntaren puntan egotetik zulorik ilunenean hondoratzera, baina, hala dela onartu beharko.
75 langile kaleratuko dituela bai, baina kaleratuko dituenak nortzuk izango diren oraindik ez die argitu zuzendaritzak. «Hori azkenera arte isilpean izango dutela uste dugu». Aintzinatasuna kontuan izango duela adierazi die, baina ez dela izango kontuan hartuko duen gauza bakarra. Edonor izan daiteke, beraz. Eta zalantza egoera horrek lantokiko giroan eta langileen arteko harremanetan berehala eragiten du.
Normala den bezala, bakoitzak bereari begiratzen dio horrelakoetan, eta TS Fundicioneseko langileen kasuan, badute norberaren zilborrari begiratzeko motiborik. Izan ere, langileetako askok berrogeita hamar urte inguratuak dituzte, lanpostu berriren bat topatzeko aukera gutxi hortaz. Familia eta seme-alabak dituzte askok, haiek mantentzeko ardura ere bai. Baina, kaleratuak izanagatik, langabezia saririk ez lukete jasoko edo jasotzekotan oso denbora gutxian, horrenbeste denboran erregulazioan egotearen ondorioz zegokien guztia dagoeneko xahutu dutelako.
Enpresak ordaintzen dien kalte-ordaina besterik ez lukete izango aurrera egiteko. Eta langileek jakin dutenez, enpresak ez du esku zabaltasun handiz jokatzeko asmorik, 1,6 milioi euroko mailegua eskatu baitu kaleratzeak ordaintzeko. Hori 75 langileren artean banatuta, lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko saria baizik ez litzaioke egokituko bakoitzari, legeak agintzen duen gutxienekoa hain zuzen. Langileen ordezkariak eta zuzendaritza ados jartzea litzateke kaleratuei ordain handiagoa emateko bidea. Negoziazioak aurki hasiko dituzte, eta ez dute samurrak izango diren itxurarik.
TS Fundicionesek 75 langile kaleratu nahi ditu, hirugarren dosierrarekin
Lan egindako urte bakoitzeko hogei egun ordaindu nahi dizkie zuzendaritzak; eskatu duen maileguak ez du gehiagorako ematen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu