Hartzekodunen proposamena onartzearen aldekoek nahiz kontrakoek mobilizazio bana egin dute Atenasen. Jende gehiago bildu da ezezkoaren alde, baina jendetza izan da baiezkoa eskatu duen protestan ere. Azken inkesten arabera, %45 herritarrek bozkatuko lukete ezetz, eta %45,5ek baietz.
#OXI, "nein", alemanieraz: "Schäuble, zoaz infernura" pic.twitter.com/BzHHfN1nWE
— Samara Velte (@samaravelte) July 3, 2015
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak hartu du hitza ezezkoaren aldeko mobilizazioan. Esan du igandean "duintasun" eta "demokrazia" mezu bat luzatuko diotela Europari eta munduari. Ezezko botoa emanda, Europan jarraitzearen aldeko botoa soilik ez, Europako Batasunean "duintasunez" bizitzearen aldeko botoa izango dela gaineratu du: "Ez dezagun Europa utzi bere tradizio demokratikoa ezabatu nahi dutenen esku".
We're celebrating our courage and determination, taking our fates into our own hands. #Greece#Syntagma#Greferendum#OXI#dimopsifisma
— Alexis Tsipras (@tsipras_eu) July 3, 2015
Ordu batzuk lehenago, telebistan agerraldia egin du Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak; hain justu, Nazioarteko Diru Funtsak Greziaren zorra "eramanezina" dela aitortu eta biharamunera.
Tsiprasek nabarmendu du bost hilabetez negoziatzen aritu diren bitartean Greziako ordezkariek ez dutela izan txosten horren berri. Halaber, uste du NDFren agiriak justifikatu egiten duela Greziako Gobernuak negoziazio mahaian izandako jokabidea. Txosten horretan, NDFk ziurtatu du ezinbestekoa dela Greziari zorpetzea arintzea, eta ekonomia oso ahul badago 53.000 milioi barkatzeko aukera proposatu du.
Hartzekodunen proposamenaren inguruko erreferendumerako bi egun falta direla, galdeketa egiteari oniritzia eman dio Greziako Estatu Kontseiluak. Organo hori da herrialdeko auzitegi gorena, eta Nikos Sakelariu auzitegiko presidenteordeak jakinarazi duenez, Estatu Kontseiluak baztertu egin du erreferenduma ez egiteko eskaria. Bi herritarrek salatu zuten galdeketa Greziako Konstituzioaren kontrakoa zela, galderaren konplexutasunaz eta epe laburraz kexatzearekin batera.
Astelehenetik aurrera, likidezia kolokan
Testuinguru horretan heldu da Greziako Bankuen Elkarteko presidente Louka Katseliren ohartarazpena. Bilioi bat euro dituzte Greziako bankuek; astelehen goizera arteko likidezia. Hortik aurrera, Europako Banku Zentralak urgentziazko likidezia eman edo ez, horren araberakoa izango da Greziako entitateen egoera. Gobernua bankuetako ordezkariekin bildu da, eta datozen egunetarako 60na euro ateratzeko mugari eutsi diote. Yiannis Dragasakis Greziako Gobernuko lehen ministroordeak ziurtatu du asteburua igarotzeko nahikoa diru badutela kutxazain automatikoek.
Igandean, batzorde bat bilduko da, bankuak berriro zabaltzearen xehetasunak antolatzeko. Astelehenean, berriz, EBZ bilduko da Greziako egoera aztertzeko.