Gaur arteko epea zuten Tubacexeko langileek zuzendaritzak duela bi aste egindako proposamenari erantzun bat emateko. Enpresak konpromisoa agertu zuen datozen hiru urteetan Arabako plantetan dituen lanpostuei eta soldatei eusteko, baldin eta langileek greba bertan behera uzten badute. Erantzuna ezezkoa izan da, eta «aho batez» hartu dute Laudioko eta Amurrioko lantegietan ordezkaritza duten bost sindikatuek: ELA, STAT, CCOO, LAB eta ATAL.
Agiri baten bidez, langileen ordezkariek arrazoi bat nabarmendu dute enpresaren proposamena baztertzeko: ez duela atzera egin 129 langileen kaleratzean. Zehazki, 95 kaleratze zuzen izan ziren, beste 22 langilek enpresak eskainitako ordaina onartu zuten, eta beste hamabik erretiro aurreratua hartu zuten.
Otsailaren 11n hasi zuten lanuztea, kaleratzeak salatzeko, eta horretan jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek. Prest azaldu dira «pandemiaren eraginari aurre egiteko behin-behineko neurriak» negoziatzeko, baina horretarako enpresak berriro hartu beharko lituzke kalean geratutakoak, eta enpresaren geroa bermatuko lukeen industria plan bat aurkeztu beharko luke.
Ez dute, ordea, lan ituna berriro negoziatu nahi, eta gogorarazi dute enpresak ez dituela bete enpleguaren sorrerari buruz, soldaten eguneratzeari buruz eta inbertsioei buruz agindutakoak.