Bizkaiko turismo eskaintza 30 sailetan banatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak batera landutako turismo estrategia berrian, eta sail horien barnean 900 proposamen bildu dituzte. 2025. urtera bitartean turismo kantitateari baino gehiago kalitateari begiratu nahi diote, eta "Bilbao Bizkaia” markaren azpian kalitatezko turismoa erakartzea izango dute helburu. “Gure helmuga pribilegiatua da, eta arlo hori landu beharra daukagu”, azaldu du Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak. Eta produktu horiek 18 merkatutara zabaltzen saiatuko dira, egindako merkatu ikerketaren arabera erakargarrienak diren merkatuetara, hain zuzen. Gertutasunagatik behar bezala lantzeko merkatuak izango dira Espainia eta Akitaniako merkatuak, lehentasuna izango dute AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Herbehereek, Alemaniak eta Italiak, eta baliotsuak izango dira Argentina, Mexiko, Japonia, Portugal eta herrialde nordikoak. Eta, merkatu horietako bakoitzak dituen bereizgarrien arabera, produktu bat edo bestea eskainiko diete.
Gaur-gaurkoz, turismoak Bizkaiko ekonomiaren %5,2 ordezkatzen du, eta 1.800 milioi euroko eragin ekonomikoa dauka. Diru sarrera horietako gehienak Bilbon geratzen dira, %65. Hazten ari den sektorea da turismoarena Bilbon zein Bizkaian, eta Xabier Otxandiano Bilboko Ekonomia Garapen, Merkataritza eta Enplegu saileko zinegotziak esan duenez, oraindik hazten jarraitzeko esparrua izango luke. “Modu orekatuan eta iraunkorrean hazten jarraitzeko aukera daukagu oraindik”. Beste gune turistikoekin alderatu dute horrela Bizkaiko turismo dentsitatea, eta oraindik jasangarria dela esan du: esate baterako, Bartzelonan 1.661 bidaiari dituzte kilometro karratuko, eta Bizkaian, berriz, 669.