Mundu osoko turismo sektorean haizea alde dagoela eta, momentua aprobetxatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Basque Country marka sakontzen eta hedatzen ari da, eta Euskal Herria turistak erakartzeko iman harri bihurtu nahi du. Aste Santuko eta Maiatzaren Lehenaren zubiko opor egunetan turista ugari ibili da euskal kaleetan, eta gustura agertu da sektorea. Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak oraindik ez ditu datuak eskura, baina gogorarazi du Aste Santua udan etorriko denaren iragarpen antzeko bat izan ohi dela. Sentipenak, beraz, onak dira.
Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) arabera, datozen urteetan hazi egingo da turismoak nazioarteko ekonomian duen pisua. Turismoak sortutako aberastasuna urtero %4 igotzen ari da, eta sei urte barru munduan 1.600 milioi pertsonak bidaiatuko dute. Bidaiari horietako batzuk Euskal Herrira erakartzea da Jaurlaritzaren eta turismo sektorearen helburua. Horretarako, 2020rako Euskadiko Turismoaren plan estrategikoa landu dute sektore publikoak eta pribatuak elkarlanean —128 erakundek eta elkartek hartu dute parte—.
«Ez ditugu turistak sarearekin arrantzatu nahi. Selektiboak izango gara», ohartarazi du Jaurlaritzako bozeramaile batek. TMEren datuak eta plan estrategikoaren hobekuntzak aintzat hartuz, 2020an EAEk lau milioi turista inguru jaso ditzakeela ondorioztatu du Jaurlaritzak, oraingoaren bikoitza. 2011n lortu zen historiako markarik handiena: 2,7 milioi turista. «Baina garrantzitsuena ez da kopurua, turista mota baino. Bidaiariek euren gastua handitzea lortu nahi dugu», nabarmendu du gobernuak.
Industria bihurtu
Turisten %40 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoak dira gaur egun —iaz %3,5 egin zuen gora—, eta kopuru hori handitu nahi du Gasteizek. «Nazioarteko markatua izango da hazkundearen palanka», ondorioztatu du txostenean. Batez ere, Alemania, Erresuma Batua eta Frantziako 77 milioi bidaiari potentzialentzat izango da. «Interesatzen zaigun bidaiari mota gauza berriak bilatzen dituena eta opor-kultura duena da, eta esperientziei dagokionez, kosmopolita edo kulturala dena».
Hau da, erdiko klaseko eta erdi-goi klaseko turista europarrak erakarri nahi dituzte, oporretan gehien kontsumitzen dutenak direlako, Espainiakoek baino 55 euro gehiago, batez beste. «Oraindik %60 inguru dira Espainiako Estatutik datozen turistak», eta horiei ere eutsi nahi die Jaurlaritzak. «Batez ere Madrileko eta Bartzelonako merkatuei».
EAE produktu anitzeko turismogunetzat saldu nahi du planak: «Turismoak gure BPGari ekarpen handiagoa egitea lortu nahi dugu. Turismoa industria bat izatea, eta merkataritza eta beste sektore batzuk elikatzeko baliatzea». Iaz, 93.000 lanpostu zeuden turismoaren menpe, eta sektore horrek EAEko BPGaren %5,6 sortu zuen. Turista bakoitzak batez beste 85,05 euro gastatzen ditu orain, eta turisten %55ek erosketak egiten dituzte.
Gaur-gaurkoz, hiriburuetako turismoa da nagusi: bidaiariek Bilbo, Donostia eta Gasteiz bisitatzen dituzte. Baina aukera gehiagorako eskaintza bultzatuko du plan estrategikoak, dena eskura eta gertu dagoen ideia. Sei zatitan banatu du eskaintza: hiru hiriburuak, barnealdea, kostaldea eta Arabako Errioxa. Turistari egun batetik bestera, urrun joan barik, plan zeharo ezberdinak egin ditzakeela erakutsi nahi diote. Turismo gastronomikoa, kulturala, surfarena eta abar nahieran uztartu.
Helburua «Euskadi, helmuga adimentsua» bihurtzea dela azaldu du Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak. Turismo pertsonalizatua eskaintzea, sektorea modernizatuz eta lehiakorrago eginez. Eta, horretarako, sailburuak iragarri du 1994ko turismoaren legea aldatuko duela legealdia amaitu aurretik. Gainera, euskal enpresen tamaina txikia denez, lankidetza ezinbestekotzat jo du Lakuak «helburu garrantzitsuagoei ekiteko».
Urte oparoa espero
Berrikuntzaren aldeko apustuaren adibideetako bat da Donostiak jaso berri duen saria: Etorkizuneko Hiri Berritzailea. Europe Business Assembly-k egin dio turismoari lotutako aitorpena. Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariak uste du erronketako bat dela sektorea lehiakorra izatea eta berrikuntzan sakontzea. «Turismo sektoreak benetako industria bat dela sinetsi behar du. Turistak ondo ezagutu behar ditugu, haien nahiei aurrea hartu eta eskainitako zerbitzuak hobetu».
Sektorearen arabera, Gipuzkoako hotelak, esaterako, %90 inguru bete ziren Aste Santuko hiru jaiegunetan, eta Donostiako turismo bulegoan 6.711 bidaiari izan ziren. Turismoaren hazkunde orekatua eta urteko sasoi guztietara zabaldua defendatu du Narvaezek, baina aitortu du Aste Santuko datuak ikusita, aurten iazkoa baino «urte hobea» espero dutela.