Txakolina, Getariatik Gipuzkoara

«Jatorri izena zabaltzea da herrialde osoan txakolina ekoitzi ahal izateko modurik onena», Txuekaren ustez

2007ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Bukatu da azken urteotan Gipuzkoan txakolinaren inguruan egon den eztabaida. Getariako Txakolina prest dago jatorri izena herrialde osora zabaltzeko. Hala erabaki du elkartearen kontseilu arautzaileak. Eta hori posible izan dadin, araudian beharrezko aldaketak egiteko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari.

Erabakia Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Getariako Txakolina jatorri izenaren arteko urteetako elkarrizketaren emaitza izan da. Eta atzo eman zuten jakitera Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak, Rafael Uribarren Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako ahaldunak eta Iñaki Txueka Getariako Txakolinaren presidenteak.

Gauzak horrela, aurrerantzean, Getariako Txakolina ez da soilik Getariako, Zarauzko eta Aiako upelategietan ekoitziko. Hondarribian, Oñatin, Zumaian, Arrasaten, Mutrikun edota Olaberrian mahastiak dituzten baserritarrek ere izango baitute aukera. Dena den, kontua ez da hain sinplea. Eta Gipuzkoako mahasti edo upelategi jakin bat Getariako Txakolina jatorri izenaren parte izan aurretik, lan handia egin beharra dago.

Txuekak profesionaltasuna eskatu du edozeren gainetik. «Profesionaltasuna izango baita kalitatezko txakolina egiten jarraitzeko bidea». Beraz, araudi zorrotza bete beharko dute Getariako Txakolina jatorri izenera atxikitzen diren mahastiek, bai lekuari, bai klimari, bai lursailen ezaugarriei, bai ekoizpen moduari dagokionean.

Gaur egun, Getariako, Zarauzko eta Aiako 17 upelategik osatzen dute Getariako Txakolina. Orotara 227 hektarea mahats ekoizten dute eta bi milioi botila inguru merkaturatu. Herrialde osora hedatzean, «75 bat hektarea gehiago» erabiliko dituztela uste du Txuekak. «Guztira 300 bat hektarea mahats ekoitziko dugu, eta gehienera ere 3 milioi botila merkaturatu». Dena den, hori guztia zehazteko sektorearen eta merkatuaren azterketa sakon bat egiten ari direla azaldu du Getariako Txakolinaren presidenteak.

Bestalde, oso argi utzi du, ez dutela ekoizpena merkatuak unean-unean dituen beharretara moldatuko, «arrisku handia bailitzateke txakolinarentzat». «Izan ere, nahiz eta Gipuzkoa osora hedatu, Getariako Txakolinak jatorri izen txiki bat izaten jarraituko du, txikia eta ahula merkatuaren gorabeherekiko». Hortaz, txakolinaren merkatua egonkortzea eta, ahal duten neurrian, beren bezeroak izan daitezkeen horiek berenganatzea da nahi dutena.

«Azken 3-4 urteak ezin hobeak izan dira guretzat», azaldu du Txuekak. «Orain bi urte, esaterako, primerako uzta izan genuen, eta hari esker, baita kalitaterik oneneko txakolina ere. Eguraldia lagun, turista asko etorri zen Euskal Herrira eta merkaturatutako txakolin guztia saldu genuen». Baina, 2005ekoa halakoa izanagatik, baliteke datorren urtean uzta eskasa izatea. «Eta gure helburua, uzta eskaseko urte horietan ere, egiten dugun txakolina erosiko diguten bezeroak ziurtatuta izatea da».

Beraz, Txuekaren arabera, ez da zentzuzkoa, Getariako Txakolina jatorri izena Gipuzkoa osora hedatuko dutela eta, ekoizpena bikoiztu edo hirukoiztea. «Horrek galerak bakarrik eragingo bailizkiguke. Eta erabaki hau hartu badugu, ez da horretarako izan, alderantziz. Guk urte txarretan ere ekoitzitakoa salduko dutela bermatu behar diegu baserritarrei». Dena den, «ezin diogu uko egin hazten jarraitzeari», dio Txuekak. «Badakigu merkatuak marjin bat duela, eta guk gure bezeroak izan daitezkeen horiek erakartzen saiatu behar dugu, baina era kontrolatuan». Horregatik deritzo beharrezkoa sektorearen eta merkatuaren ikerketa sakona egiteari.

Txakolinaren eta, oro har, ardoaren mundua «oso azkar» aldatzen eta garatzen ari dela iruditzen zaio Getariako Txakolinaren presidenteari. «Orain dela urte batzuk nork pentsatu behar zuen dendara joan eta Txileko edo Australiako ardoak izango genituela aukeran? Eta nork esan dezake hemendik lau edo bost urtera zer egongo den?». Hori guztia patxadaz aztertu behar dela iritzi dio, beraz.

Gipuzkoako Txakolina edota Euskadiko Txakolina jatorri izenak sortzea proposatu zutenak ere izan ditu hizpide Getariako Txakolinaren presidenteak. «Antzematen da hori proposatu zuenak ez duela gehiegi ezagutzen gaur egungo errealitatea». Getariako Txakolinak egun merkatuan duen lekua egiteko, urte askoan lana gogotik egin behar izan dutela argitu du Txuekak. «Eta zorionez, Getariako Txakolina mundu osora saltzea lortu dugu».

Orain Getariako Txakolina jatorri izena albo batera utzi eta Gipuzkoako Txakolina merkaturatzen hastea, edota biak batera merkaturatzea, hortaz, atzerapausoa besterik ez litzateke Txuekaren iritzian, «izen ezezagun batek ez duelako saltzen». «GetariakoTxakolina Gipuzkoa osora hedatzea erabaki badugu, aukera eraginkorrena, azkarrena eta onena delako izan da».

Txuekaren hitzak berretsi ditu Rafael Uribarren Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako ahaldunak ere: «Mahatsaren ekoizpena gutxieneko baldintza agronomikoak betetzen dituzten Gipuzkoako eskualde guztietara hedatzea da gure nahia. Eta uste dugu Getariako Txakolina herrialde osora zabaltzea dela helburu hori lortzekobiderik egokiena».

Uribarrenen arabera, Landa Ingurunearen Garapenerako departamentuaren xedea da baserritarren errenta handitzeko jarduera osagarriak bilatu eta bideratzea, artean, mahastizaintza. «Eta nekazaritza ekoizpen motak ugaritzeko eta landa ingurunearen funtzionaltasun anitza bilatzeko modu aparta deritzot txakolina egiteko mahats ekoizpena Gipuzkoa osora zabaltzeari».

Uste berekoa da Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua ere. Gainera, garbi utzi nahi izan du, «hartzen diren erabakiak hartzen direla», Administrazioak ez daukala «ez zeresanik ez ezertarako gaitasunik». «EAEn dauden jatorri izen guztiak elkarte pribatuak dira eta soilik eurei dagokie bat-egin nahi duten, hedatu nahi duten, edo zer egin nahi duten erabakitzea».

Hau guztia errealitate bihur dadin, beraz, beharrezko izapideak egitea besterik ez da falta orain. Baina, Uribarrenen hitzetan, «nahi baino denbora gehiago behar da Europako Batasuneko araudiak dioena goitik behera betetzeko». Hala, xehetasun guztiak lotueta guztia ahalik eta azkarren martxan jartzeko konpromisoa hartu du. «Dena dela, aurtengo kanpainarako ezinezkoa izango da, abuztuaren 1ean hasten denez, ez baitago nahikoa denborarik. Ezeren okerrik ezean, ordea, dena prest izango da datorren urteko kanpainarako».

Hala ere, zaila izango da bi urteren buruan Getariakoa, Zarauzkoa edo Aiakoa ez den upelategi bateko txakolina dastatzea. Txuekak azaldu duenez, «mahasti landatu berri batek gutxienez hiru edo lau urte behar baititu txakolina egin ahal izateko». Hortaz, pazientziaz hartu beharko kontua.



ProzeDura

Araudi aldaketa. Getariako Txakolinak legedia aldatzeko eskatuko dio Jaurlaritzari, mahats gehiago landatu ahal izateko.

Zenbateko egokia. Gipuzkoako Foru Aldundiak azterketa egingo du, zenbat mahats gehiago sartu zehazteko.

Eskaera. Mahastiak jarri nahi dituzten baserritarrek eskaera egin beharko dute, zenbat hektarea behar dituzten zehaztuz.

Lur sailen azterketa. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaera egin duten baserritarren lursailak aztertuko ditu.

Eskubideak erosi. Baserritarrek mahatsa landatzeko eskubideak erosi beharko dituzte.





Bizkaiko Txakolinak1,3 milioi botila merkaturatuko ditu

Getariakoaren eta Arabakoaren bidetik, Bizkaiko Txakolinari ere iritsi zaio iazko uztak emandakoa merkatura ateratzeko garaia. Hain zuzen, atzo egin zuten aurkezpena Asier Arzalluz jatorri izendapenaren presidenteak eta Anton Txapartegi idazkari teknikoak. Orotara, 940.000 litro txakolin ekoitzi ei dituzte. Hortaz,1,3 milioi botila merkaturatzeko moduan izango dira. %90 ardo zuria izango da, eta %10 besterik ez ardo gorria eta beltza; 12.000 litro, zehazki. Arzalluzen arabera, «batetik bestera horrelako aldea egotea ez da kalitate kontua, merkatuaren joeren adierazgarri garbia baizik». 2006koa orain bi urteko uzta baino urriagoa izan dela azaldu zuen Txapartegik, «baina kalitate ezin hobea du eta graduazio altuko alkohola, 11 eta 13 artekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.