Gasteizko Mercedes-Benz eta Iruñeko Volkswagen lantegietako muntaketa kateak geldi egon dira martxoaren 16az geroztik. Gaur goizean berriro ekin diote ekoizpenari, baina lanera itzultzeko bidea luzea izango da, pixkanaka egitekoa. Lehenik eta behin, lanaldiak berrantolatu dituzte; txanda bakar batek lan egingo du egunero datozen bi asteetan Gasteizen, eta datozen hiru asteetan Landabenen.
Volkswagen lanera itzuli da, baina oso modu berezian. Gauean prestaketa lanak egin eta guztia atondu ostean ostean, 06:00etan sartu den goizeko txandak produkzioari ekin dio. Segurtasun neurrien inguruko eta aurrera begirako egoeraren inguruko 40 minutuko solasaldi bat jaso eta gero, 07:30etarako %100eko erritmoan ari zen lanean. 14:00etan amaituko da txanda, eta, datozen bi egunetan hobetu beharreko kontuak begiratu eta gero, VWek ostegunean ekingo dio berriz, beste txanda batekin.
Ordu berean hasi dira lanean Mercedesen. Langileek osasun neurriei buruzko informazioa jaso dute, eta horren ondoren jarri dute martxan ekoizpen katea. Langileen herenak hasi dira gaur lanean, 1.600 lagun inguru. Goizean goiz sartu dira lantegira, txandaka. Guztiei hartu diete tenperatura, eta maskara bana eman diete. Enpresak lanpostu batzuk aldatu ditu segurtasun neurriak betetzeko, eta gune batzuk itxi egin dituzte; kantina, besteak beste. Instalazioak egunero desinfektatuko dituzte.
Langileek norbera babesteko ekipamendua izango dute soinean: eskularruak, maskarak, desinfektatzeko gelak, aurpegirako pantailak eta babes betaurrekoak. Enpresa batzordeak salatu du horrek «estresa eta nekea» eragingo dizkiela langileei, eta zuzendaritzak ez duela hori kontuan izan. Azaldu dute ez dutela «inolako hitzarmenik» sinatu enpresarekin «jarduerari berriro ekiteari buruz», eta langileek «aho batez» baztertu dutela erabaki hori.
Enpresak azaldu du bi aste egingo dituztela antolaketa berriarekin. Maiatzaren 11n arratsaldeko txanda hasiko da lanean, eta, aldaketarik ezean, hilaren 18an hiru txandak ariko dira.
COVID-19 gaitzak eragindako krisiak kolpe gogorra emango dio automobilen industriari. Gasteizen, aurten 159.000 ibilgailu ekoitzi nahi zituzten. Egungo aurreikuspenen arabera, %18 gutxiago egingo dituzte, 130.000 inguru. Gaur ehun bat ibilgailu egiteko asmoa dute; zazpiehun egin ohi dituzte bestela.
Volkswagenen, txanda bereziak
Iruñean, egunero, hiru txanda ditu VWek (goizekoa, arratsaldekoa eta gauekoa). Orain, astearen arabera antolatu dute lanaldia, eta bi txanda sortu. Asteon, lehenak gaur egingo du lan, eta hurrengoak, ostegunean. Datorren astean, lehenak astelehen, asteazken eta ostegunean lan egingo du, eta bigarrenak astearte eta ostegunean; aldiz, hirugarren astean, bigarren txandak hiru egunez egingo du lan, eta lehenak bi egunez. Maiatzaren 17tik aurrera, goiz eta arratsaldez egingo du lan VWek, eta txanda bakoitzaren artean denbora tarte luze bat egongo da, langileak euren artean elkar ez daitezen.
Asteotako txanda bakoitzak ohi baino %10 langile inguru gehiago izango ditu. Ohiko egun batez, hiru atsedenaldi izan ohi dituzte langileek, baina asteotan atsedenaldiak sakabanatu egingo dira, denek leku berean bat egin ez dezaten eta produkzioa gera ez dadin. Halaber, langileek maskarekin eta eskularruekin egingo dute lan, eta produkzio katean hidrogelak jarri dira. Gainera, VWek langileen tenperatura neurtuko du fabrikaren sarreran.
Lanaren hasiera bi txandatan banatu denez, langile multzo bat ez da lanera joango, eta aldi baterako erregulazioan jarraituko du —lan egiten duten txandetakoek ere bai, lan egiten ez duten egunetan—. Multzo horretan sartu dituzte COVID-19aren aurrean osasun arriskua duten langileak.
Neurri horiekin guztiekin, VWek urte honetarako aurreikusia zuen produkzioa murriztu egin du. Landabenek aurten 306.645 ibilgailu egiteko asmoa zuen, baina orain helburua da 253.714 auto ekoiztea. Dena den, etorkizunera begira, ikusteko dago merkatuak berak nola erantzungo dion krisi honi.