Txapelan utziak

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Ibex-35aren (+%0,3) bueltan ehizan dabiltzanek, txapelean utzi zituzten atzo ekonomia berri gehientsuenak nahiz Wall Streeten joera gorria. Aktibo toxikoak uste baino gehiago direla? Eurei bost. Europa nahiz AEBak gorri doazela? Doazela. Rating agentziek bankuak nahiz AEBetako erakunde lokalak susmoz begiratzen dituztela? Eta? Erresuma Batuko produkzio industrialak 40 urtean izandako jaitsiera handiena izan duela? So what? Ehiztariek txapelean utzi zituzten berri txar guztiak, eta 2.134 milioiren salerosketarekin, topatu zuten zer ospatua: Criteria eta Telecincok %4na pasa irabazi zuten, eta BBVAk %1,56 galdu arren, 1.250 milioiren zorra jaulki berri den Santanderrek (+%0,51) eta Edurnezurik (+%0,13) eutsi zioten. Gerrikoa estutzen ari dira Irlandako aurrekontuetan, 9 mila lanpostu ezabatuko dituen Royal Bank of Scotlanden eta, oro har, bazter guztietan. Baina hori berori da, finean, krisiari aurre egitea; ehiztariak luzera ari ei dira.



Sestaoko ACB altzairutegian duen %10eko partaidetza saltzeko asmoa iragarri du BBK aurrezki kutxak. ArcelorMittalen (-%1,49) zuzendaritzarekin dituen desadostasunak direla medio, apirilaren 15ean epemuga duen saltzeko aukera baliatuko du.



BBK gutxiengoan eta Repsol-YPF (+%1,08) nagusi dituen Petronorrek, aldiz, aurreko urtean baino %55 gutxiago irabazi zuen iaz: 133,8 milioi. Petrolioaren merkatzeak eragin omen du gutxitze hori, koke planta berria inbertsio estrategikotzat duen enpresan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.