Kontu publikoetan iaz lortutako 215 milioi euroko superabitaren zati bat, 113 milioi euro, inbertsio publikoetarako baliatu nahi ditu Nafarroako Gobernuak, eta, xede horrekin, laukoak —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu-Orain Bai eta Ezkerrak— aurkeztu du bihar parlamentuan eztabaidatzekoa den inbertsioen legea.
Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariak joan den irailaren 27an jakinarazi zuen Espainiako Ogasun Ministerioko ordezkariek telefonoz deitu ziotela eta ontzat eman zutela inbertsioak egitea, "baina agian 113 milioi euroak osorik ez". Horiek horrela, eta oniritzi ofiziala oraindik esku artean izan gabe, astelehenean laukoak lege proposamenarekin aurrera egitea hobetsi zuen, PSNren iritziaren kontra.
Gaur Noticias de Navarrak argitaratu duenez, hain zuzen, Maria Txibite PSNko idazkari nagusia izan da orain Mikel Aranbururi deitu dion sozialista, eta ez Madrilgo gobernuko kideren bat. Txibiteren arabera, Espainiako Gobernuak ez du baimenduko 113 milioiko inbertsioen legea. Txibitek auziari buruzko azalpenak eman ditu gaur prentsaurrekoan.
Haren arabera, Espainiako Gobernuak astelehenean erantzun zion Nafarroako Gobernuari baldintzak ez direla betetzen eta "ongi eginez gero", onartuko dutela. "Pilota Nafarroako Gobernuaren teilatu gainean dago. Atea irekita dago konpontzeko". Hala ere, zehaztu du ez dela lege baten beharrik, eta nahikoa litzatekeela inbertsio plan ekonomiko batekin.
Laukoaren erantzuna
Urtarrilean gauza bat esan eta orain beste bat defendatzea egotzi dio lauko gobernuak Txibiteri, eta "protagonismoa hartu" nahi izatea. Gogorarazi dute urtarrilean eskatu ziola Gobernuari "ausart" jokatu eta defenda zitzala inbertsioak; orain, berriz, kontrakoa egitea egotzi diote: "Ausardia du Maria Txibitek Espainiako Gobernuaren aurrean defenditzeko inbertsioak, bai ala ez?", esan du EH Bilduko Adolfo Araizek.
Laukoak gezurtatu egin du Maria Txibiteren bertsioa. Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, "ez da egon Espainiako Gobernuaren erantzun ofizialik", eta ondorioz ez dago ezezkorik. Anabasa honetan, gainera, PSNk bihar eztabaidatuko den lege proposamenari zatikako zuzenketak aurkeztu dizkio, eta prentsaurrekoan esan duenaren kontra, hortaz, legea onartu du, nahiz eta bere ñabardurak ezarri. "Ematen du gure lege proposamenak harrapatu zutela jokoz kanpo eta orain trikimailuak jartzen ari dela oztopoak jartzeko", arrazoitu du Araizek.
Ezkerrak eta Ahal Dugu-k arinkeriaz jokatzeko leporatu diote PSNri. "Exijitzen diogu PPren gobernuaren modura ez dezala jokatu", aipatu du Ezkerrako Marisa de Simonek.