Ogasun sailean aplikatu duen zorroztasuna eta erabakitasuna igartzen zaio hitz egiten duenean ere. Helena Franco Ibarzabal (Getxo, 1967) segurtasunez mintzo da aurkeztu berri duten aurrekontu proiektuaz, baina baita azken urteotan bertan behera utzi behar izan dituen egitasmoez ere. Baikortasunez begiratzen dio etorkizunari, berak gobernutik sustatu dituen politika ekonomikoak gailenduko direla uste baitu.
Zeintzuk dira 2015eko aurrekontuen ardatz nagusiak?
Lehenik eta behin, aurrekontu proiektu hau ulertze aldera, nabarmendu beharra dago zerga bilketaren bilakaera pixka bat hobea izan dela, aurreko urteekin alderatuta. Horrek baliabide handiagoak eman dizkigu aurrekontuak osatzeko. Proiektua bere osotasunean hartuta, %2,79ko igoera ikus dezakegu, baina, zehazki, departamentuek gastatzeko duten poltsa are gehiago hazi da: %5,1. Hobekuntza nabarmena da hori, eta herritarrek nabarituko dute, gastuan eta inbertsioan.
Hitz egin dezagun gastuaz. Zertan inbertitu nahi duzue nagusiki?
Egia esan, esparru honetan ere nekez aurkituko duzu berritasun handirik. Finean, legealdi osoan izan ditugun ardatzak indartzea izan da gure egitekoa. Eta, ardatz horien artean, gizarte politikaren aldekoa izan da gure apustu garbiena. Iaz baino 10 milioi gehiago bideratu ditugu sail horretara, gastuen %48. Diru horrekin, besteak beste, 135 plaza berri zabalduko dira zahar etxeetan edota desgaitasunak dituzten pertsonak artatzeko zentroetan. Menpekotasunerako diru laguntzak ere zabalduko ditugu, jasotzaile gehiago sar daitezen.
Eta, gizarte politikaz gain, zeintzuk dira indartuko diren sailak?
Adibidez, zazpi milioi euro gehiago erabiliko ditugu autobus zerbitzua sendotzeko eta zabaltzeko. Jakina denez, parte hartzeko prozesu bat abiatu zen, eta, horren barruan, eskualdeetako herritarrek esan zuten zeintzuk ziren indartu beharreko lineak eta ordutegiak. Bada, horretan oinarrituta egin dugu proposamena.
Beste apustu garrantzitsu bat Pasaiako badia biziberritzeko egitasmoa da. 27 milioi jarriko dira urte anitzeko plan batean, eta helburua da bertoko herritar, eragile nahiz erakundeekin adostea ingurune horrek behar dituen estrategiak eta neurri zehatzak. Proiektu hori funtsezkotzat jotzen dugu. Bestalde, aipagarria iruditzen zait Ogasun sailaren diru saila handitu egin dela; batez ere, iruzurraren kontrako borrokan apustu handia egin baitugu, baliabide teknologikoen hobekuntzan. 18 milioiko plana ondu dugu alor horretan.
Beraz, aurretik indarrean ziren irizpideak mantendu dituzue...
Bai, koherenteak gara.
Baten batek esan dezake aurrekontu kontinuistak direla.
Kar, kar! Bai, seguru asko, kontinuistak izatea leporatuko digute oposizioko batzuek. Etengabe aldatzera ohituta daude, antza. Guk pentsatzen dugu irizpide koherente bat dugula: analisi bat egin genuen bere garaian, eta, horren arabera, proposamenak egin eta konpromisoak hartu genituen. Nire ustez, proposamen horiek gauzatzeko denbora behar da, eta horretan ari gara orain.
Aurrekontu proiektuaren aurkezpenean nabarmendu zenuten faktoreetako bat zorpetze maila mantendu izana da.
Bai. Kasu honetan ere, legealdi osoan mantendu dugun irizpideari eutsi diogu; hau da, mailegu zaharrak amortizatzen ditugun neurrian soilik kontratatuko ditugu mailegu berriak. Irizpide horri esker, ez dugu zorra handitu, mantendu egin dugu aldundira iritsi ginen garaiko zorpetze maila, hori izan baitzen gure konpromisoa.
Zorra ez duzue murriztu, hala ere...
Ez, baldintza ekonomiko objektiboek ez dutelako horrelakorik ahalbidetzen. Momentu honetan, kreditu bat ordaintzeko unean, tokatzen zaiguna baino gehiago ezin dugu pagatu. Baina, behintzat, zorra ez dugu handituko, gure ustez, sektore publikoa nahiko zorpetua dagoelako jada. Alor publikoa defenditu nahi dugu, etorkizuneko perspektiba batekin.
Zor publikoa murriztea lortuko al da?
Zorpetzea jaitsi beharko da, bai, baina, horretarako, ohiko diru sarrerak (zergetatik datozenak, batez ere) handitu beharko dira. Eta bi bide daude horretarako: zerga erreforma eta egoera ekonomikoaren egonkortzea. Hain zuzen, baliabide gehiago lortzea ahalbidetuko zuen zerga erreforma abiatzea izan zen gure apustuetako bat, baina PSEk, PPk eta EAJk ito egin zuten aukera hori, kontrarreforma fiskala sinatu zutenean. Hala ere, helburua ez dugu alboratu, eta horren alde borrokatuko gara etorkizunean ere.
Martin Garitanok esan du aurrekontu proposamena beste indar politikoekin negoziatzeko garaian ez diola ezein alderdiri lehentasuna emango. Hala ere, ideologikoki hurbilago egongo zarete batzuengandik besteengandik baino...
Oraingoz esan dezakegun gauza bakarra da PP jada desmarkatu egin dela. Esana dute osoko zuzenketa aurkeztuko diotela aurrekontu proiektuari, kontu hauek Gipuzkoa galbidera eramango dutela, katastrofikoak izango direla... ohiko diskurtsoa. EAJri eta PSEri dagokionez, berriz, oraintxe hasi gara haiekin hitz egiten, eta, beraz, oso goiz da ondorioak ateratzeko. Urteroko kontua da, dena den. Duela hiru urte, jeltzaleekin lortu genuen akordioa; orain dela bi urte, sozialistekin; iaz EAJrekin berriz... Nire ustez, negoziazio bideek zabalik dirauten bitartean, aukerak izango ditugu batzuekin zein besteekin. Ikusiko dugu hartu-eman horrek zer fruitu ematen dituen.
Azken txanpan sartu da agintaldia, eta ez zara hurrengo gobernuan izango, zuk hala erabakita. Faboritorik ba al duzu Ogasun diputatu izateko?
Kar, kar! Ez, benetan, ez dut izen konkretuetan pentsatu. Ongi prestatutako jende asko dago, baina ez dut hautagai kutunik.
Pozik al zaude agintaldian egindako lanarekin?
Bai. Gobernu honek, oro har, erakutsi du existitzen dela gobernatzeko beste modu bat. Botereguneetatik kanpo ere badagoela gobernatzerik. Eta boteredunek gure kontra mantendu duten kanpaina erasokorra izan da horren guztiaren froga nagusia. Fortuna handien gaineko zerga, adinekoen egoitzetako langileen lan baldintzak mantentzeko apustua, hondakinen kudeaketarako eredu berria, errauskailuak geldiaraztea, kontratuen kudeaketan egin diren aldaketak gardentasuna bermatzeko... Neurri asko hartu dira, eta eraso bortitzak pairatu ditugu horregatik. Horrek adierazten du bide berri bat urratzen ari garela. Eta bide hori indartu behar dela, herritarrak gurekin badaude, betiere.
Ogasun sailari dagokionez, fortuna handien gaineko zerga nabarmendu duzu. Hori izan al da zure lorpenik handiena?
Lorpen bat izan da, bai. Ekarpen handia, zergen eztabaida publikoan. Eta aitzindaria izan da, ez Gipuzkoan bakarrik, baita Espainian eta Europan ere. Oso harro egoteko moduko egitasmoa izan da. Bagenekien arrisku handiko apustua zela, baina, hala ere, merezi zuela legearekin aurrera egitea. Aberastasuna, gero eta gehiago, gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari den honetan, zer-nolako gizarte eredua nahi dugun argi eta garbi erakusten du halako legeak mahai gainean jartze hutsak.
Porrotak eta bertan behera gelditutako proiektuak ere izango zenituzten lau urte hauetan...
Guretzat, pena handiena izan da kontrarreforma fiskalak hainbat asmo zapuztu dizkigula. EAJk, PPk eta PSEk sinatutako zerga itun horrek muga asko jarri ditu sozietateen gaineko zergaren alternatiba bat egiteko. Mozkinak dituzten enpresa handiak zergapetuko lituzkeen legearen kontrako akordioa da, funtsean.
Etsai asko egin dituzu kargu honetan?
Bai, botere ekonomiko-politikoa izan da gure aurka egon dena agintaldi osoan. Orain modan dagoen kasta hitzarekin defini daitekeen hori: botere ekonomikoari men egiten dion sektorea. Eta gu kasta ez garenez... Gure xumetasunean eta txikitasunean, min ematen diegu.
Hankak moztu dizkizuetela sentitu duzue?
Bai, baina baikor gara oraindik, etorkizuna bide horretatik etorriko dela uste baitugu. Euskal Herrian gizarte eta ekonomia aurreratuak nahi baditugu, sektore publiko indartsu bat beharko dugu, eta hori ahalbidetuko duen zerga politika egoki bat aplikatu. Beraz, une honetan hainbatek geldiarazi nahi duten zerga politika berri hori besarkatu beharko dugu noizbait. Europa iparraldeko herrialdeak eredutzat jotzen dituzte askok, han dituzten baldintza sozialak eta lehiakortasun ekonomikoa direla-eta. Baina zer dago horren atzean? Zerga bilketa handi batean oinarritutako sektore publiko indartsu bat.
Eta benetan uste al duzu inoiz aplikatuko dela eredu hori Gipuzkoan?
Gu oso baikorrak gara. Indar korrelazioa aldatu egingo da Batzar Nagusietan, ezkerrera, eta orain zapuztu dizkiguten proiektuetako asko onartuko dira. Espero dezagun aldaketa hori beste herrialde batzuetara ere hedatzea.
Gerta daiteke, hala ere, zuek gobernutik ateratzea. Hartutako erabaki asko indargabetuko lituzke gobernu berriak?
Ikusiko dugu sortzen diren gehiengoak. Badirudi ezkerraren aldeko mugimendua bizi-bizi dabilela eta hainbat erakunde ezkerrera lerra daitezkeela datozen urteetan. Beraz, gu gobernuan egon ez arren, ezkerreko gehiengo bat izan dezakegu Batzar Nagusietan, zerga politika berri bat ezartzeko. Hala ere, seguru nago gobernuan egongo garela.
Eta ezkerreko gehiengorik sortzen ez bada?
Bada, beste esparru batzuetan borrokatu beharko dugu. Finean, erakundeak eta herritarrak elkar hartuta joan behar dute. Etorkizun aurrerakoiago, modernoago eta justuago baten aldeko borroka toki askotan egin daiteke. Eta egingo dugu.
Partida, Gipuzkoan eta Euskal Herrian ez ezik, Madrilen ere jokatuko da. Zein da Espainiako Gobernuarekiko harremana?
Argi dago Madrilgo gobernuak gero eta asmo zentralizatzaile garbiagoa duela. Eta ez soilik uko egiten diolako eskumen berriak emateari, baizik eta egungo eskumenen urraketa etengabea delako. Gipuzkoako lurralde historikotik bakarrik nekez aurre egin dakioke oldarraldi horri, eta, berez, ezinbestekoa da planteamendu bateratu bat. Guk planteatu dugu EAEko hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, gutxienez, elkarrekin joan behar dugula Madrilera, kupoaren negoziazioa edota BEZari lotutako gaiak eztabaidatzeko. Finantza kontseiluaren barruan batzorde bat sortzeko proposamena ere egin genuen otsailean. Urrian onartu zen, baina oraindik ez da bilera bakar bat egin, eta ez da guk nahi izan ez dugulako. Gu prest gaude, askotan herri gisa erantzun behar zaielako erasoei.