Txikizkako sektorea modu gordinean islatzen ari da krisi sakona. 2011ko azken hiruhilekoan baino %4,2 gutxiago saldu dute dendek 2012koan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera, urtebetean %5ekoa litzateke salmenta jaitsiera gasolindegien jarduera zenbatuko ez balitz, eta %7koa da salneurrien aldaketa kontuan hartu gabe.
2012ko hirugarren hiruhilekotik (uztaila-iraila) %2,8 egin du atzera salmentak sektorean. Datu horien ifrentzua dira txikizkako dendetan galdu diren lanpostuen zenbakiak. Urtebetean %4,5 egin du atzera enpleguak sektorean, 2012ko hirugarren hiruhilekotik azkenera %0,7.
Etxerako horniduretan espezializatutako dendetan gertatu da salmenten jaitsiera handiena. Urtebetean %11,2 jaitsi dira salmentak; elikagaiak saltzen dituztenek, berriz, %5,5 gutxiago saldu dute 2012ko azken hiruhilekoan 2011ko epe berarekin alderatuz gero. Petsonentzako hornidurak saltzen dituztenek ere jaitsiera handia izan dute, %6koa hain zuzen.
Lurraldeka, Bizkaian izan da salmenten jaitsiera handiena (%4,8); Gipuzkoan %4,2 egin dute atzera; eta %2,2 Araban.