Berehala erantzun dio Pekingo gobernuak Donald Trumpek atzo gauean iragarritako muga zergen igoerari. Datorren astelehenetik aurrera, AEBek %10era igoko dizkie muga tarifak Txinaren 200.000 milioi dolarren inportazioei; erantzun gisa, Txinak ere %10era igoko dizkie muga zergak AEBetako 60.000 milioi dolarri. Hirugarren tarifa kolpea da Trumpek udaberrian Asiako erraldoiaren kontra gerra komertziala hasi zuenetik. Orain arte, akzio-erreakzioa paretsua izan da: Txinak kopuru bereko zerga igoerekin erantzun dio, baina oraingoan zartako txikiagoa itzuli dio bueltan Pekinek, agortzen ari baitzaio bide horretatik erantzuteko tartea.
Txinaren erantzuna Trumpena baino txikiagoa izatearen atzean, hain zuzen, balantza komertzialaren desoreka dago, zeina orekatu nahi baitu AEBetako presidenteak gerra komertzialaren bitartez. Etxe Zuriaren datuen arabera, bi herrialdeen arteko meraktaritza harremana 630.000 milioi dolarrekoa izan zen iaz. Honakoa da desorekaren azalpena: Txinak askoz gehiago esportatu zuen AEBetara (500.000 milioi dolar), AEBek Txinara baino (130.000 milioi dolar).
Desoreka benetakoa den arren, kopuru zehatzak tentuz hartu behar dira. Izan ere, Txinako inportazio gisa hartzen diren produktu teknologiko asko —telefonoak, esaterako—, Asia Ekialdeko beste herrialde batzuetan —edo AEBetan bertan— egindakoak izan daitezke, baina Txinan muntatzen direnez, herrialde hari egozten zaizkio.
Etxe Zuriak ekainean hasi zuen muga zergak igotzeko gerra: uztailean Txinako 34.000 milioi dolarreko esportazioei igo zizkien muga zergak; abuztuan, beste 16.000 milio dolarreko esportazioei. Pekinek ere neurri berean erantzun zien, tarifak igota AEBetako 50.000 milioi dolarren esportazioei. Baina atzo Trumpek beste 200.000 milioi dolarreko muga zergak ezarri zituen; eta Txinak soilik 60.000 milioi dolarrekoak. Pekini tartea estutu zaio bide horretatik erantzuteko, dagoeneko AEBen esportazioen ia %85i igo dizkielako muga zergak. AEBek, ordea, badute tartea oraindik neurri gehiago hartzeko Txinako espeortazioen kontra, eta Trumpek badu asmoa.
Aurrerantzean Txinak estrategiaz alda dezake, eta beste bide batzuetatik erantzun AEBei: haien konpainiei traba gehiago jarrita Txinan; AEBetako enpresa teknologikoek derrigorrezko dituzten metal arroen esportazioak debekatuta; yuana debaluatuta Txinaren esportazioak merkatzeko; edo zorraren botoiari sakatuta (Txina da AEBek atzerritarren esku jarritako zorraren hartzekodun nagusia).
Trumpek uste du gerra komertzialari esker balantza komertziala orekatzea lortuko duela, eta lagundu egingo dituela AEBetako enpresa asko, Txinaren lehiaren aurrean larri dabiltzanak. Alabaina, kaltetu ere egin ditzake beste batzuk, nagusiki Txinatik osagaiak jasotzen dituztenak (konpainia teknologiko erraldoiak, adibidez) eta Txinan amaitutako produktuak jasotzen dituztenak (arropa, jostailuak...). Merkataritza gerrak prezioak garestitzea ekar dezake, kaleratze masiboak merkataritza gerrak gogorren jotako sektoreetan eta galga BPG barne produktu gordinaren hazkundean; baina, momentuz, ez da horrelakorik gertatu.
Pekingo gobernuak "zintzotasun falta eta fede onez ez jardutea" leporatu dio Donald Trumpen gobernuari, zergak igotzeko erabakia bi herrialdeek giroa baretzeko egin beharreko bileraren bezperetan hartu duelako. Izan ere, The Wall Street Journal kazetaren arabera, bi aldeak irailren 27an eta 28an dira elkartzekoak, bosgarren aldiz, merkataritzaz negoziatzeko Washingtonen. Bosgarren negoziazio erreonda litzateke. AEBetako kazetaren ustez, Trumpen azken erabakiaren helburua da Washintongo datorren asteko bileretara indar handiagoz iristea. Etxe Zuriko ugazabak Pekini egotzi dio AEBetako azaroaren 6ko hauteskundeetan eragin nahi izatea.