Txinatik Europara datozen bobina laminatuek %13,2 eta %22,6 arteko muga-zerga bat ordaindu beharko dute. Bobina horiek batez ere autoak eta etxeko tresnak egiteko erabiltzen dira.
Muga-zerga handiagoa ordaindu beharko dute, berriz, altzairuzko xafla indartu txinatarrek, %%65,1 eta %73,7 artekoak. Ontziak egiteko baliatzen dira xafla horiek, edo herrilanetarako.
Europako Batzordeak azaldu duenez, bere ikerketek erakutsi dute Txinako altzairugileek bi produktu horiek kostu azpiko prezioetan sartzen dituztela, Pekingo gobernuaren laguntzei esker. Txina da egun munduko altzairugile nagusia, alde handiz gainera, baina enpresa askok galera handiak pilatzen ari dira, barne merkatua moteltzen ari delako. Pekinek diruz laguntzen ditu konpainia horiek, hamarnaka milaka langile kalean geratzea eragotzi nahi duelako.
Batzordeak ziurtatu du ezarritako muga-zergak nahikoak direla Europako produktuen lehiakortasuna ziurtatzeko. Altzairugileak biltzen dituen Eurofer patronalak, ostera, kritikatu izan du txikiak direla, batez ere AEBetakoekin alderatuz gero.
Abuztuan, Txinako eta Errusiako beste altzairu mota batzuei arantzelak jarri zizkien Europako Batzordeak, horien artean, hotzezko altzairu xaflei.