TEKNOLOGIA

Txinako sagarra

Hiru urte bakarrik ditu konpainiak, baina aurten 20 milioi telefono baino gehiago saltzea aurreikusten du. Xiaomik teknologia demokratizatu nahi du, prezioak lagun, enpresa eredu berritzaile bat erabilita.

2013ko irailaren 22a
14:09
Entzun

Txikia da Lin Binen bulegoa, soila, peluxez betea.  Ezohikoa da urtean 20 milioi sakelako telefono saldu nahi dituen eta lehen seihilekoan 1.650 milioi euroko sarrerak izan dituen korporazio bateko presidentearena izateko. Tratuan ere harridura sortzen du; gertukoa da, irribarre egiten du kameraren aurrean, eta ez du oztoporik jartzen elkarrizketarako hitzartutako denbora hirukoiztuta ere.  Harena ez baita ohiko enpresa bat. Askok "Txinako Apple" deitu badiote ere, Xiaomi ezberdina da. "Nahi dugu teknologia mundu guztiarentzat eskuragarri izatea", dio Linek.

Eta lortzen ari dira, metroan bidaia bat egitea aski da horretaz jabetzeko. Orain pare bat urte eskas, txinatarren behatzek harro zapaltzen zituzten nazioarteko ekoizleek egindako telefono adimentsuak. Halakorik erosi ezin zutenak, berriz, lotsatu egiten ziren euren produktu txinatarrez, kalitate txarrekoak baitziren, diseinu itsusikoak, eta erosi osteko zerbitzua penagarria zen. Egoera aldatu da. Xiaomi konpainiak lau urte eskas ditu, orain bi urte merkaturatu zuen lehen produktua, eta Internet bidez bakarrik saltzen du. Alabaina, bagoiez jabetzen ari da.

Aurtengo lehen sei hilabeteetan iaz urte osoan adina telefono saldu ditu —7,08 milioi—, merkatu kuotaren %5 erdietsi du —%4,8rekin geratu da Apple— etaXiaomi 2S telefonoa herrialdeko entzutetsuena da, Samsungen Galaxy 4 eta Appleren Iphone 5aren aurretik. Noski, prezioak eragin handia du arrakastan. Mi2S modeloak, 32 GBko memoria du, Qualcomm Snapdragon 800 prozesadorea eta gama altueneko osagaiak. 1.799 yuanetan saltzen da (225 euro inguru), atzerriko lehiakideen prezio erdian.

Hori baino merkeagoa da enpresak merkaturatutako Hongmi —arroz gorria— modeloa,  799 yuanetan jarri du salgai (100 euro). Merkatuko smartphone merkeenetakoa da, baina ez dirudi. 4,7 hazbeteko pantaila du, eta 1,5 gigahertzioko prozesadorea.

100.000 18 segunduan

Xiaomi ez da gai jaso duen eskaera kopuru erraldoiari aurre egiteko. Irail erdialdean 3,5 milioi laguneko itxaron zerrenda zuen, eta salgai jarri ziren 100.000 unitateak 90 segudunduan agortu ziren. Aste honetan erritmoa mantsotu da: asteartean 100.000 Mi2S eta 50.000 Hongmi 18 minutuan saldu ziren. Sekulako interesa sortu du konpainiak, eta jendea prest dago Hongmiak berezko prezioa halako bi ordainduta erosteko.

"Asko sentitzen dugu gure bezeroek hainbeste denboran zain egon behar izatea, baina eskaerak gure aurreikuspenak baino hamar aldiz handiagoak dira", esan zuen Lei Jun kontseilari ordezkariak. Irailaren 5ean egin zituen adierazpenak, Xiaomiren azken produktuaren aurkezpenean. Ez dirudi, ordea, ekoizpen defizitaren arazoa azkar konponduko denik. Telefono berri horrek munduko prozesadorerik azkarrena du, 2,3 gigahertzioko Qualcomma, eta 1.999 yuanetan salduko da (250 euro). Milioika erreserba egin dira dagoeneko, eta analista txinatarren esanetan, 20 milioi saltzen ez badira, fabrikek hainbeste egin ezin izan dituztelako izango da. Ez da harritzekoa, beraz, Xiaomi dagoeneko 10.000 milioi dolarretan baloratuta egotea; hau da, Microsoftek Nokiaren mugikorren negozioa erosteko ordaindu behar izan duena baino gehiagoan.

Li Binek argi azaldu du zein den hain prezio merkeen trukoa. «Hasteko, telefonoen salmentarekin irabaziak lortzeko asmorik ez dugu, beraz, kostu prezioan edo azpitik saldu ditzakegu».  Saldu ere Internet bidez egiten dira gailuak, eta horrek kostuak %30 merkatzeko aukera ematen du. Kopuru hori publizitatean aurrezten dutenari batu behar zaio.
Hala eta guztiz ere, Lin Bin konbentzituta dago arrakasta preziotik harago doala. "Gakoa negozio eredua da, triatloi deitzen dioguna. Hasieratik argi genuen sakelakoen etorkizuna  softwarearen —MIUI sistema—, hardwarearen —aparailua— eta Interneteko zerbitzuen baturan zetzala. Dena batera. Gainera, gure produktu guztiak garatzeko erabiltzen dugun modua besteenetik ezberdina da: gure bezeroak prozesuko parte aktiboa dira", azaldu du.

Hain zuzen, Xiaomiren eta Txinako gainerako marken arteko ezberdintasun nagusia irudi korporatibaa da. Huawei, ZTE edota Lenovo enpresa erraldoiek ez bezala, bezero gazteak erakartzea lortu du. Hura da publikorik interesgarriena, urtean 200 milioi gailu erosteko gaitasuna dutela aurreikusten baita. Maskota moduan antzinako abiadoreek erabiltzen zuten txapela duen gerrilari bat jarri du Xiaomik, eta sare sozialetan bezeroekin lortzen duen interakzioa txapela kentzeko modukoa da. «Hartu duen irudia izugarri gustatzen zait, ez da Txinako ohiko enpresa aspergarri horietako bat», nabarmendu du Zhang Yuanek. 25 euro ordaindu ditu Xiaomi 3-aren aurkezpen ekitaldira joateagatik, eta ilea arras moztu du markaren logotipoa marraztuz.

"Orain 20 milioi erabiltzaile ditu MIUIk —Android du oinarrian—, eta gehienak Xiaomi komunitateko kide dira sarean. Haiek hobetzen dute, euren iradokizunekin, firmwarea eta azkenik hardwarea", azaldu du Linek. "Horrek produktuan parte hartu izanaren sentsazio handia eragiten du, eta abantaila bat gehiago da. Samsung eta Appleren erabiltzaileentzat ia ezinezkoa da euren hitza entzunaraztea. Gainera, badugu beste berezitasun bat: erabat gardenak gara, erabiltzen ditugun osagai guztien berri ematen dugu, Applerentzat hori informazio konfidentziala da. Guk, zerbait aldatzen badugu, abisatu egiten dugu".

Handizaleegia?

Xiaomiren hazkundea haren azpiegiturena baino handiagoa da, eta erosi osteko zerbitzuak hainbat kritika jaso ditu. Konpainiak konponketetarako 500 puntu ditu, baina gehienak lanez leporaino daude. Helburua zerbitzua sei ordu baino gutxiagoan ematea zen, baina lortzeko asko falta da. Kritikoenek diote arrakastak eragingo duela Xiaomiren heriotza. "Gainera, salmenta datuak harrigarriak diren arren, oraindik ez dago argi dirurik irabaziko duen, irabazi marjinik ia ez duelako. Pentsa daiteke aurrena erabiltzaile multzo handi bat lortu nahi duela eta gero zukua atera. Baina erabiltzaileak prezio baxuetara ohitzen badira, eredua behera etor daiteke", azaldu du izena eman nahi ez duen enpresa lehiakide bateko buruak.

Gainera, Xiaomik ez ditu telefonoak bakarrik saltzen. Hilaren 5ean negozioa dibertsifikatzen hasi zen Xiaomi TVren bidez. Telebista hori hiru dimertsiotakoa da, 47 hazbete ditu eta etxeko sistema eragilea darabil, Android 4,1ean oinarritu tako 1,7 gigahertzioko Qualcomm txipa erabiltzen duena. "Nahi dugu jende gaztearen telebista izatea, eta Smart TV definizioari ohore egingo dion lehena izatea", azaldu du Lei Junek. Beste behin ere, harrigarria da prezioa: 2.999 yuan(375 euro). Merkatua hautsi nahi du, baina batzuentzat, halako handizaletasunak kalte soilik egingo dio.
Oraindik ere iristeko dago tableta. Txinako komunikabide batzuek ziurtzat jo zuten M3arekin batera aurkeztuko zuela, eta 999 yuaneko salneurria izango zuela (120 euro). Oraindik, ordea, ez da iritsi merkatura. Halere, Lin Binek aitortu du interesatzen zaien produktu bat dela. "Uste dugu halako gailuentzat Android ekosistema behar adina garatuta dagoela. Dena den, gure helburua da, egiten duguna egiten dugula ere, suharra eragitea bezeroen artean, eta lehiakideei merkatuaren zati bat kentzea".

Filosofia horrekin, eta mundu mailako krisi ekonomikoa kontuan hartuta, ez da harritzekoa Xiaomirekiko interesa Txinatik kanpo ere hedatzea. Mundu guztian ari dira agertzen inportatzaile ez ofizialak —eta seguru asko legez kanpokoak—. Xiaomi.es-ek Espainian egiten duen bezala, aparailuak erosten ditu Txinan eta atzerrian berriro saldu. Baina hori amaitzear da.  Lin Binek eta Lei Junek zuzentzen duten enpresak Hugo Barra fitxatu du. Orain artean Googleko presidenteordea zenak, Androiden arduradunak, Xiaomiren nazioarteratzea zuzenduko du. «Interes handiz jarraitu dut  markaren bilakaera eta uste dut garaia iritsi dela mundu osoan ezagutarazteko», esan zuen brasildarrak bere aurkezpen ofizialean.

Xiaomik Asiako nahiz Latinoamerikako beste herrialdeetara begiratzen du. Baina, zalantzarik gabe, Barraren eginkizun nagusietako bat izango da Made in China labelak dakartzan irudi txarrak Xiaomirengandik urruntzea. "Txinako gainontzeko enpresentzat bezala, markaren irudia erronka izango da atzerrian", onartu du Linek. "Baina iruditzen zait gardentasuna eta osagai onenak erabiltzea nahikoa izango dela laister batean ahoz ahokoak gure alde egiteko. Berez, gure izena jada entzuten hasi da Txinatik kanpo ere".

Hala da. The Economist aldizkariak edo The New York Timesek dagoeneko eskaini dizkiote erreportai luzeak Xiaomiri. Halako estaldurarik ez dute lortu Txinako konpainia handiagoek edo nazioartean hedadura zabalagoa duten beste batzuek ere. Eta ez dira gutxi esaten dutenak Appleren iPhone 5C berria —txinatarrak txunditzeko sortua— hondoratu egingo dela Xiaomik egiten dion lehiarengatik.

Baina agian hori baino esanguratsuagoa da Xiaomik Txinaren garapenaren fase berria ongi isaltzen duela: jada ez da nahikoa ongi kopiatzearekin eta kalitate txarrarekin eraikitzearekin. «Kalitate handiko aparailuak egin ditzakegula erakusten dugu honekin», ziurtatu du Linek. "Ezin dugu ahaztu herrialde honetan industria honetako multinazional handienek ere fabrikatzen dutela.  Baina denbora beharko da kalitate eskasaren ospe horri aurre egitea, kasu askotan ongi merezitakoa baita". Une hori iristen denerako, Xiaomik irteeraren lehen lerroan izango da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.