Txinan kokatzeak EAEn enplegua sortzen laguntzen duela dio Jaurlaritzak

Txinakoen «abiadura, indarra eta energia» eskatu die Undak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresei

Erredakzioa
Donostia
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Txinan geratu ahal izateko, gainerakoetatik bereiziko dituen kalitatea eta prestigioa erakutsi beharko dutela esan die Patxi Lopezek herrialde hartan dauden euskal enpresei. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, oso garrantzitsua da Txinan sendotzea, «hura delako merkatu nagusia sektore asko eta askorentzat». Besteren artean, automozio, makina-erreminta eta etxeko tresnak egiten dituzten enpresak aipatu ditu. Txinan kokatzeak Euskadin lanpostuak sortzen ere laguntzen duela uste du Lopezek.

Shangaiko Expoan ospatzen ari diren Euskadiren Astearen harira, Txinan da aste honetan lehendakaria. Atzo, Bernabe Unda Industria sailburuarekin batera, Txinara hurbilpena, esperientzia lokaletik izeneko enpresa jardunaldietan hartu zuen parte atzo. Jaurlaritzako kideekin batera, han dira patronaletako, merkataritza ganberetako, klusterretako eta 70 enpresetatik gorako ordezkariak ere.

Undak Txinakoen «abiadura, indarra eta energia» kopiatzeko eskatu zien Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresei, «azkarrago joan behar da, eurek egiten duten moduan», esanez. Deslokalizazioari aurre egiteko, «multilokalizazioa» defendatu zuen Industria sailburuak. «Hemen egon beharra dago enplegua sortzeko. Hemen ez dagoenak ez du hemen saltzen. Beraz, egon egin behar da Euskadin lanpostuak sortzeko», adierazi zuen. Oraingoz, Txinarekiko harremanak ez daudela behar bezainbeste garatuta aitortu zuen Lopezek. «Krisitik ateratzen ari gara, eta hau da momentua horretarako», nabarmendu zuen.

Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 170 enpresa daude Txinan. Horietako lau bisitatuko ditu gaur Lopezek: MCCren enpresa parkean dauden Batz, Fagor Arrasate, Orkli eta Orbea.Lankidetzarako akordioa ere sinatuko du Kunshan eskualdearekin. SPRIk ematen die aholkularitza Txinan dauden euskal enpresei. Hain zuzen, haren jarduera %20 hazi da azken urtebetean.



Zenbakia

170

Txinan dauden enpresak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 170 enpresak dute egoitza Txinan. SPRIk ematen die aholkularitza zerbitzua, eta haren jarduera %20 hazi zen iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.