Altzairua

Txinari aurre egiteko eskatu du Europako altzairu sektoreak

Pekini merkatu ekonomia izaera onartuz gero 3,5 milioi enplegu arriskuan jarriko direla salatu dute sindikatuek eta patronalak. Altzairuaren sektorearen eskaera nagusietako bat da Txinari 'merkatu ekonomia' izaera ez ematea.

ACBko langileen protesta, Bruselan. JAIME OJEDA / EFE
Iker Aranburu.
2016ko otsailaren 15a
07:33
Entzun

Ezohiko irudi bat eman du Bruselak gaur goizean. Sindikatuak eta patronala, eskuz esku manifestatu dira Belgikako hiriburuan. Europako Batzordeari eta gobernuei neurriak eskatzeko Europako altzairugintza babes  dezaten.

Neurri batean Txinaren aurkako manifestazioa bilakatu da, herrialde horretako kostu azpiko altzairu inportazioei —dumping— leporatzen baitiote gaur egun sektoreak bizi dituen zailtasunak. Arrazoi hori bera argudiatu du Arcerlor Mittalek Sestaoko ACB altzairutegia epe baterako ixteko.

Arcelor Mittaleko lehendakariorde Geert Van Poelvoordek azaldu duenez, Txina kostuak baino %35 eta %40 merkeago ari da saltzen sobran duen altzairua. "Ez gara lehiaren beldur, baina bidezko merkataritza behar dugu", ziurtatu du. Bere hazkunde bizkorra altzairuz elikatzeko munduko altzairu ekoizle handiena bilakatu da Txina mende honetan. 2000. urtean 150 milioi tona ekoizten zituen urtean, eta zazpi aldiz gehiago orain. Kontua da orain ez duela dagoeneko hainbeste altzairu behar, azpiegituren eta lantegi berrien inbertsioa moteldu duelako. Horren ondorioz 400 milioi tonako gainprodukzioa du orain Asiako erraldoiak. Horietatik gero eta zati handiago bat ari da Europara iristen, eta kontinenteko ekoizleek arazoak dituzte harekin lehiatzeko. 

Europako Batzordeak beste hiru ikerketa zabaldu zituen ostiralean Txinaren aurka, dumping-a dela eta. Prozesu hori, ordea, oso motela dela salatu du sektoreak. "Neurri bizkorrak eta zehatzak behar ditugu", aldarrikatu du Van Poelvoordek, Eurofer Europako patronalaren izenean. Gogorarazi duenez, AEBetan %200eko muga-zergak jarri dizkiote Txinako altzairuari; Europan %13 eta %16 artekoak dira, "nahiz eta %60eko dumping-a antzeman".

Altzairuaren sektorearen eskaera nagusietako bat da Txinari 'merkatu ekonomia' izaera ez ematea. "Txina merkatu ekonomia bat dela onartzea baimen bat ematea da sektore guztieta dumping-a egiteko. Industria eraldatzaile osoa Txinaren dumping-aren arriskupean egongo litzateke, eta EBk ezingo luke babesteko  neurririk hartu", esan du Milan Nitzschke AEGIS Europe elkarteko buruak. Haren arabera, industriako 3,5 milioi lanpostu egongo lirateke arriskuan.

Duela hamabost urte sartu zen Txina Munduko Merkataritza Erakundean (MME), eta aurtengo abenduan betetzen da epea MMEko beste kideek Txina merkatatu ekonomiatzat onar dezaten. 

Agintarien bilera

Altzairugintzari buruzko goi bilera egingo dute gaur Bruselan. Goi bileran izango da Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua, "Euskadiren interesak defendatzeko" asmoz; ez, ordea, Espainiako Industria ministro Jose Mnauel Soria, zeinak gobernagarritasunik ezari lotutako ziurgabetasuna argudiatu duen ez joateko.

Hain zuzen ere, sektoreagatik "ez kezkatzea" leporatu dio Tapiak Soriari. "Enpresa asko ari dira krisiari aurre egiten, baina ez dakit zenbat denbora gehiagoan eutsi ahal izango dioten neurriak hartzen ez badira".

EH Bildu ere haserre azaldu da Soriarekin. “Utzikeria” eta “arduragabekeria”, egotzi dizkio Marian Beitialarrangoitia diputatuak ministroari,  “ez duelako deus egin euskal siderurgia sektorearen defentsan”.

Marian Beitialarrangoitia diputatuak Jose Manuel Soria, funtziotan den Espainiako industria ministroaren urgentziazko agerraldia eskatu du industria batzordean gaur bertan Europako altzairuaren sektorea Bruselan egiten ari den bilerara joateari uko egin izanari buruzko argibideak eman ditzan.

Beitialarrangoitiak salatu duenez, “Bruselan euskal industria sarearen etorkizuna eztabaidatzen ari diren bitartean industria ministroa oporretan dago”. Ildo horretan, euskal diputatuak esan du “Euskal Herriak ahots propioa behar duela Bruselan” eta horregatik, burujabetza osoa aldarrikatu du “modu horretan soilik izango ditugulako gure ekonomia diseinatu eta kudeatzeko tresnak”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.