Urteetako eskailera duen txirrista mozorroa erakusten ari da orain burtsa. 7.500 puntuei eutsi izana kontsolagarri eskasa da Ibex-35 argalduarentzat: eskaileraren osteko gainbeherak, leundua izanik ere, ez du etenik. Dela Solbesek Espainiako bankuen hauskortasunaz egin aipamenagatik, dela Dow Jones azken 11 urteotako minimorantz abiatu zelako, Edurnezuriren (+%1,17) irribarreak ere ezin izan zuen atzoko jaitsiera eragotzi. Popular eta BBVA %3na pasa galtzen eta Santander (-%1,63) ere aurpegi gorri gorriz mozorrotuta, ezer gutxi egin liteke. Agur esan dio Accionak(-%6,98) Endesan (+%1,98) zuen partaidetzari eta, mozorrorik gabe, ez du lehengo erakargarritasunik hainbat ehiztarirentzat. 1.758 milioiren salerosketa txikiarekin ere, bistan da, erosle mozorroa ez dago modan. Mapfre, Cintra nahiz Abengoak ere %3na pasa galdu zuten, berbarako. Eta Red Electricarenak (+%2,57) arriskuari ihesi doazenen tiroak dirudite.
Obamak bankuak nazionalizatuko ote dituen, hori da Wall Streeten eta munduan dabilen galdera; erantzunda dago, ordea: AEBetako Gobernuak Citigroupen lehentasunezko akziotan 54 mila milioi dolar ditu. Ostiralean bankuak balio zuenaren boskoitza da kopuru hori eta burtsan daraman martxarekin, bistakoa da lehentasunezko akzioak akzio arrunt bihurtzea beste aterabiderik ez duela izango AEBetako Gobernuak. Egin nahi ez duen hori, de facto, kasik egin du eta zalantzak bi dira: zein partaidetza hartuko duen gobernuak eta zenbat denboran mantenduko duen.
Txirrista mozorroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu