Europako Banku Zentralak (EBZ) baieztatu egin du herritarrek eta enpresek nabaritu dutena: bankuek gogortu egin dituzte maileguen baldintzak. Besteak beste, lehen baino interes altuagoak eskatzen dituzte maileguen truke. Bai enpresei, bai herritarrei. Baldintzak gogortzen jarraituko dutela onartu dute.
Hiru bankutik batek onartu du iazko azken hiruhilekoan «pixka bat» gogortu zizkiela maileguen baldintzak enpresei (aurreko hiruhilekoan %16 ziren). Eta bankuen %29k diote baldintza estuagoak ezarri dizkietela herritarrentzako hipoteka maileguei (aurrekoan %18). Gero eta banku gutxiagok eusten diete aurreko baldintzei, eta ia inork ez ditu samurtu. Estualdia ez da amaitu, banku gehienek baitiote baldintzak okertu egingo dituztela, iazko azken hilabeteetan baino gutxiago izango bada ere.
EBZk inkesta bat egiten du hiru hiletik behin euroguneko hainbat finantza erakunderen artean. Azkena iazko abenduaren 19tik aurtengo urtarrilaren 9ra egin zuen. Euroguneko 124 bankuk erantzun dituzte EBZren galderak.Erantzunetan ez da nabari EBZren abenduaren 21eko likidezia enkantearen eraginik.
Bankuen esanetan, hainbat faktorek eragin dute maileguen baldintzak gogortzea: aurreikuspen guztiek ekonomia ahuldu egingo dela diote; euroguneko zorraren krisiak konpondu gabe jarraitzen du; bankuek zailtasunak dituzte dirua lortzeko (%40-50) diru merkatuetan; likidezia arazoak dituzte; eta diru gehiago behar dute, birkapitalizatu eta kapital premia berriak betetzeko (Basilea III, EBA...).
Espainiako Gobernuak bihar jakinaraziko ditu bankuei eskatuko dizkien finantza baldintza berriak. Gobernuaren asmoa da bankuek diru gehiago gorde behar izatea, etxegintzako inbertsioen arriskuei aurre egin ahal izateko.
Ia bi bankutik batek dio handitu egin duela enpresei emandako maileguen truke lortzen duen irabazi tartea. Ia hirutik batek gauza bera egin du herritarrei emandako maileguetan.
Maileguen baldintzetan, beste aldagai gehienetan gertatzen den moduan, bada salbuespen bat eurogunean: Alemania. Hango bankuek ez dizkiete baldintzak gogortu herrialdeko herritarrei eta enpresei.
EBZren dirua, bankuetan
Krisiak eta finantza erakundeen baldintzek estututa, herritarrek eta enpresek mailegu gutxiago eskatzen dituzte: maileguen eskaera %8 jaitsi zen iazko azken hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuta. Herritarrek askoz ere mailegu gutxiago eskatzen dizkiete bankuei, bai etxea erosteko(-%27), bai bestelako gastuak egiteko mailegu pertsonalak (-%15).
Agerikoa da EBZren likidezia enkanteek ez dutela maileguen txorrota ireki. Mario Draghi EBZko presidenteak neurria iragarri zuenean argitu zuen helburua diru hori herritarrengana eta enpresetara iristea zela, maileguen lehortea saihesteko. Baina ez zuen neurririk hartu benetan hala izateko. Ondorioz, finantza erakundeek diru merke hori —%1eko interesa du, hiru urtean bueltatzeko— zorrak ordaintzeko edo negozioa egiteko baliatu dute. Negozioa baita %1eko interesarekin eskuratzen den dirua %4tik gorako interesa duten herrialdeen zor bonuetan inbertitzea. Italiaren, Espainiaren, Irlandaren edo Greziaren zor bonuetan.
EBZk otsailaren 29an egingo du bigarren enkantea (ez ditu gehiago iragarri). Abendukoan 500 finantza erakundek ia 500.000 milioi euro eskatu zizkioten. Otsailekoan gehiago izango dira: banku garrantzitsu batzuetako ordezkariek Financial Times-i esan diote abenduan halako bi edo hiru eskatuko dutela. «Bankuak ez dira lehen aldian bezain lotsatiak izango», euroguneko banku bateko buruaren arabera.
EBZk gaur egingo du hileroko bilera. Ez da espero interes tasak %1etik jaistea. Ez behintzat inflazioak behera egin arte. Atzoko datuen arabera, euroguneko inflazioa %2,7koa izan zen urtarrilean. EBZren helburu nagusietako bat %2tik azpiko inflazioa da.
Txorrota ixten ari dira
Bankuek Europako Banku Zentralari onartu diote gogortu egin dituztela enpresentzako eta herritarrentzako maileguen baldintzakFinantza erakundeek handitu egin dituzte maileguen irabazi tarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu