UBS bankuak kudeatzen duen higiezinen funts batek eskuratu du Usurbilgo Urbil merkataritza zentroa. 61 milioi euro ordaindu ditu. CBRE Global Investorrena zen orain artean.
Urbilek 34.752 metro koadro ditu, eta 62 lokal, 11 jatetxe, zortzi zinema areto eta aparkatzeko 2.533 plaza. Besteak beste, Eroskik 5.000 metro koadroko supermerkatua du han.
2000. urtean inauguratu zuten merkataritza zentroa. Hasiera batean Eroskirena zen, baina inbertsio talde bati saldu zion hark. Urtean bost milioi bisitari izaten ditu. "Donostiatik oso gertu dagoenez, hiriko erreferentziazko merkataritza zentro bihurtu da, baita probintzia osokoa ere", jakinarazi du Jones Lang LaSalle aholkularitza enpresak. Hark egin ditu bitartekari lanak salerosketan.