Udaren amaierak berriro ere langabeziak gora egitea eragin du. Abuztuan izandako hazkunde arinaren ondoren, irailean 2.338 langabe gehiagok eman zuten izena enplegu zerbitzu publikoetan. Igoeraren ondotik, 184.524 langabe daude gaur egun Hego Euskal Herrian. Langabe kopuruak orain hamabi hilabetekoaren gainetik jarraitzen du, nabarmen.
Joan den urtekoa baino eskasagoa izan da iraileko datua. 2008tik gora egin du urtero langabeziak hilabete horretan. Krisia bizkortu baino lehen, murrizketak izan ohi ziren irailean. Apirila eta abuztua bitartean langabeziak jaitsiera esanguratsuak eta igoera oso txikiak izan zituen, baina azken urteotan azken hiruhilekoa nahiko txarra izan da enpleguarentzat. Iaz, 7.000 langabe gehitu ziren estatistiketara.
Herrialde guztietan handitu zen langabezia, Espainiako enplegu zerbitzu publikoek emandako datuen arabera. Langabezia tasa %13,5era iritsi da, orain dela urtebete baino puntu bat gehiagora. Batez bestekoaren gainetik daude Bizkaia (%14,5), Araba (%13,9) eta Nafarroa (%13,7), eta Gipuzkoa baino ez azpitik (%11,6).
Azken urteko igoerak emakumeengan eragin berezia izan du. 2010. urteko irailetik beharrik gabeko emakumeen kopurua %9,5 handitu da, 97.281 izan arte. Gizonen artean, berriz, %5,2 izan da igoera. Sektoreei dagokienez, industria da joan den urtean baino langabe gutxiago dituen bakarra. Igoerarik handienak nekazaritzan (%33), zerbitzuetan (%6,4), eta eraikuntzan (%5,8) izan dira. Aurretik lan egin ez duten erroldatuak ere %36 handitu dira iaztik.
Langabeziaren igoera zerbitzu sektoreko udako kontratuen amaierari eta lan merkatura sartu nahi duten pertsonei egotzi die Javier Ruiz Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak. Irakurketarik baikorrena Gizarte Segurantzako afiliazioaren gorakadan aurkitu du Ruizek. «Datuek agerian uzten dute enplegua ez dela galtzen ari». Hego Euskal Herrian 928.799 afiliatu daude, aurreko hilabetean baino 1.993 gehiago. Haatik, 2010eko irailean baino ia 10.000 gutxiago dira oraindik.
Enplegu publiko gutxiago
Espainiako Lan Ministerioak enplegu publikoak irailean izan duen galera nabarmendu du. Mari Luz Rodriguez Enplegu estatu idazkariak jakinarazi du langabe berrietatik %15 gizarte zerbitzuetakoak, osasunekoak edo irakaskuntzakoak direla. Lanpostu publikoaren murrizketa horiek ere afiliazioaren jaitsieran islatu ziren. Hego Euskal Herriari dagokion daturik ez du eman Lan Ministerioak, hala ere.
Euskal sindikatuek kezka handiarekin jaso dute langabeziaren igoera. ELAk eta LABek gastu publikoaren murrizketekin lotu dute igoera. CCOOk, berriz, enpleguaren aldeko itun handi bat eskatu dute.
Udaren amaierak gora bultzatu du berriro ere langabe kopurua
Murrizketen ondorioz galdu den enplegu publikoari egotzi dio igoera Espainiako Lan Ministerioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu