Uriso autogintza sektoreko enpresa da, eta Uharten dago (Nafarroa). Enpresak porrot egin du. Langileek, baina, porrota ez diote autogintzaren krisiari bakarrik leporatu. Kudeaketa txarra izan dela esan dute. 34 langile geratu dira langabezian, horietako asko enpresan 25 eta 30 urte artean lan egindakoak.
Enpresak hartzekodunen konkurtso prozesua abiatu du, eta administratzaileek langileei jakinarazi diete enpresa likidatu egingo dela. Hilabete amaieran bukatuko da prozesuko kontsulta epea. Langile batzordeak esan du ez dela akordiorik egingo.
Urisoko langile batzordearen arabera, hogei laneguneko ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzagatik, baina gehienez urte bakarra. Fogasaren eskutik, soldaten berme-funtsetik kobratuko dute. «Kalte-ordain lotsagarriak», langileen esanetan.
Langileak «amorratuta»
Langileak «amorratuta» daude. Kudeaketa «kaskarra» leporatu diete bai lehengo jabeari (Uriz familia), bai aurtengo otsailetik aurrera izan denari (Pedro Bou enpresaburu katalana).
Uriz familiak bere interesak baino ez ditu babestu, langileen esanetan, eta, horretarako, enpresa Pedro Bouri saldu zioten. Pedro Bouri «iruzurgilea» izatea leporatu diote langileek. Ucar enpresaren kasua ekarri dute gogora: enpresa kapitalgabetu, lanik gabe utzi eta soldatak or daindu gabe ihes egitea leporatu zioten.
Adierazi dute enpresak hiru milioi euroko zorra pilatu duela hamar urtean: «Beraz, ez dauka zerikusirik aurten gertatu den produkzioaren jaitsierarekin».
Urisoko langileek enplegua erregulatzeko bi dosier jasan dituzte aurten. Bigarrena bertan behera utzi zuten uztailaren amaieran, iraila amaitu arteko lana lortu zutelako: Emcon Technologiesentzat, bezero nagusiarentzat, ihes hodientzako piezak.
Emconentzat egiten zuten produkzioaren %80. Langileen iritziz, Emconek etekina atera die Urisok piezei jarritako prezio apalei: «Enpresak ez du jakin langileok produzitu dugunari etekina ateratzeko, pixkana-pixkana porrotera eta itxierara bultzatuz».
Uharteko Uriso lantegia itxi egingo dute, eta 34 langileak kalean geratuko dira
Krisiak ez ezik, lehengo eta oraingo jabearen kudeaketa txarrak eragin du itxiera, langile batzordearen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu