UMPk 35 orduko lan astea erabat lurperatu nahi du
Hiru urteko epean 35 orduko lan astea erabat kentzea proposatu du Jean François Cope-k, UMP gobernuko alderdiko idazkari nagusiak. Haren arabera, asteko lanorduak enpresek beraiek edo sektore profesionalek erabaki beharko lukete, hiru urte iraun dezakeen negoziazio baten bidez. Agintea hartu zuenetik, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea saiatu da lanaldi erreala igotzen, baina sozialisten garaiko ikur nagusia erabat indargabetzera ausartu gabe. Gaur egun, 35 orduko lan astea da ofiziala Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, baina denbora horretatik gorako orduek zergarik pagatzen ez dutenez, benetako lan astea luzeagoa da enpresa eta sektore askotan. Aparteko lanordu horiek estatuak bere gain hartzeak urtean 12.000 milioi euroko kostua duela argudiatu du Copek 35 lanorduko astea kentzeko. Patronalak lanaldi luzeagoa nahi du, baina enpresek 35 orduri dagozkien zergak soilik pagatu behar izatea gustuko du. Hauteskundeak buruan, Sarkozyren bozeramaileek ohartarazi dute proposamena UMPrena baizik ez dela, eta presidenteak ez duela bere egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu