Beste izen bat batu zaie itxiera arriskuan dauden Euskal Herriko enpresei: Unipapel, Adunakoa (Gipuzkoa). Springwater inbertsio funtsak lantegia ixteko asmoa duela iragarri zuten ELA eta LAB sindikatuek joan den martitzenean, eta lantegiko beharginek itxiera horren kontrako elkarretaratze jendetsua egin dute gaur eguerdian, Tolosako Triangulo Enparantzan (Gipuzkoa). Bi sindikatuen arabera, Madril, Logroño eta Adunako lantegietarako da itxiera dosierra. Maiatzaren 17an dosier horri buruzko xehetasunak jakitea espero bazuten ere, datorren ostegunera atzeratu diete batzarra.
Lantegi bakoitzeko langile kopuruaren araberako ordezkariak gonbidatu dituzte Madrilgo bilkurara, baina Adunakoak kezkatuta daude indar askirik ez dutelako. Hain ordezkari gutxi izanda erabaki guztiak Madrilgo langileen esku geratuko direla uste dute: Madrilgo zazpi langile ordezkari elkartuko dira; Logroñoko hiru, eta Adunako beste hiru. Hori dela eta, batzarrean norbere erabakiak hartzeko eskumena aldarrikatuko dute, eta besteen aferetan abstentziora jotzea eskatuko.
Gizarte Segurantzarik gabe lanean
Gaur-gaurkoz, kopuru zehatzik ez dute esku artean, baina dagoeneko esan daiteke Adunako 70 enpleguak kolokan daudela. Arazoa da hornitzaileek lantegia hornitzeari utzi diotela Unipapelek ez dizkielako ordaindu zorrak, sindikatuek esplikatu dutenez. Bost kideko langile batzordean, bina ordezkari dituzte ELAk eta LABek, eta hiru lantegietako negoziazioak ez zentralizatzea nahi dute.
Duela bi urte izan zuten azken lan gatazka Adunako lantegian. 2014ko otsailean, langile batzordeak eta enpresa zuzendaritzak akordio bat sinatu zuten ekoizpenari Adunan eusteko, eta beharginak Logroñora lekualdatzeko zuzendaritzak zeukan asmoa baztertzeko. Akordioa lortu aurretik, hiru astez lanuzte mugagabean egon ziren. Orduko ika-mikak nolabait baretu eta lantegiaren jardunak aurrera jarraitu arren, dosierra ezartzeko asmoa agertu du orain jabeak: kaleratzeak eta erregulazio txostenak izango dituzte Adunako langileek. "Ezinegon eta urduritasun handia" dutela azaldu diote Tolosaldeko Ataria-ri; areago duela urtebete Gizarte Segurantzarik gabe lanean aritu direla jakin zutenetik.