Aurrena kutxak banku bihurtzera bultzatu zituzten, elkarrekin bat eginez edo batzuek besteak bereganatuz. Orain bankuak bankuago bihurtu nahi dituzte, handiago, handienek edo ondoen daudenek erdipurdikoak eskuratuz. Espainiako Gobernuak datozen asteetan zehaztuko ditu finantza erakundeei ezarriko dizkien kapital premia berriak, etxegintzako zalantzazko aktiboei aurre egiteko. Sektorearen hainbat arazo bideratzeko urratsa da, baina baita Europan Espainian jarduten duten finantza erakundeekiko mesfidantza uxatzekoa ere.
Mugimendua hasi da. Bi erraldoirekin. Gero eta ozenagoak dira Caixabank katalanak Bankia madrildarra (Caja Madrid eta sei kutxa gehiago)eskuratzeko aukerari buruzko zurrumurruak. Isidre Faine Caixabankeko presidenteak ukatu egin du bat egitea negoziatzen ari direla. Aktiboetan laugarrena eta hirugarrena dira, hurrenez hurren. Baina Bankiak etxegintzako arrisku ugari ditu, eta Espainiako Gobernuak funts hornidurak handitzera behartzen badu, arazoak izango ditu. Kalkulu batzuen arabera, 5.000 milioi euro beharko lituzke.
Kinieletan Kutxabank eta Banca Civica ageri dira, baina oso modu ezberdinetan: Kutxabank beste banku bat eskuratzeko hautagaien artean, eta Banca Civica eskuratua izan daitezkeenen zerrendan. Mario Fernandezek atzo esan zuen lasterketa hasi zain daudela, ia geldirik, baina lasterketa hasten denean ez dutela atzean geratu nahi. Aurten, Kutxabanken lehen urtean, beste erakunde bat bereganatzeak hainbat buruhauste eragin diezazkioke.
Lehena Unnim banku katalana izango da, Sabadellgo, Terrassako eta Manlleuko kutxen bat egitearen emaitza. FROB funtsaren esku dago, eta Espainiako Bankuak enkante baten bitartez salduko du, otsailean. Bankua erosi nahi dutenek jada aurkeztu dituzte ezertara behartzen ez duten hainbat eskaintza, eta Kutxabank ez dago balizko erosleen artean (Mario Fernandezek atzo esan zuen); bai, ordea, BBVA. Banco Popular ere hautagai sendoa da. Unnim eta gero Espainiako Bankuak Banco de Valencia salduko du.
Tamaina ez da dena
Kutxabankek tamaina bikoiztu nahi du, 75.000 milioi euroko aktiboetatik 150.000 milioi eurora pasa. Hala ere, Kutxabankeko presidenteak atzo bertan zehaztu zuen tamaina ez dela aldagai garrantzitsuena, gehiago zaintzen dituztela mozkin tartea, ohiko negozioaren bilakaera eta merkatuaren zatia.
Catalunya Caixa eta Novacaixagalicia bankuak izan daitezke Kutxabanken jomuga. Handiak dira eta oso errotuta daude, bata Katalunian eta bestea Galizian. Bi aukera horiek zenbait oztopo dituzte. FROB funtsa da bi erakundeetako akziodun nagusia. 1.718 milioi euro jarri zituen Kataluniako bankuan eta 2.465 milioi euro Galiziakoan. Jabetzaren %90etik gora du bietan.
Berez, bi bankuek iraila arteko epea dute FROBi bere zatia erosteko, baina orain arte dirua lortzeko egin dituzten ahaleginek porrot egin dute. Ez dirudi Espainiako Gobernuak irailera arte itxaroten utziko dienik, eta irtenbide azkarragoa nahiko du.
BBVA da Catalunya Caixa erosteko hautagai nagusia. Novacaixagaliciaren kasuan, oztopo nagusiak politikoak izan daitezke. Galiziako Gobernuak behartutako bat egitea izan da (Caixa Nova eta Caixagalicia), finantza irizpideetan baino gehiago, irizpide politikoetan oinarritua. Salmenta ere prozesu politikoa bihur dezake.
Kutxabankek Banca Civica integratzeko aukera ere hor dago. Osagarriak dira. Bat egiteak Hego Euskal Herria, Sevilla, Burgos eta Kanariak hartuko lituzke. Kutxabank sendotu egingo luke Andaluzian (Espainia). Baina Kutxabankek erakunde bat bereganatzen badu, kontrolatzeko nahi du, eta UPNk oztopoak jarriko dizkio aukera horri. Nahiago izan du Nafarroako Kutxak Espainiako hainbat kutxarekin bat egitea Hego Euskal Herriko kutxa bat sortzea aztertzea baino.
Beste aukera bat Caja 3rena izan daiteke. Zaragozako CAI, Caja Circulo de Burgos eta Caja Badajoz biltzen ditu. 20.500 milioi euro ditu aktibotan eta, beraz, bereganatuz gero, Kutxabank 100.000 milioi eurora iritsiko litzateke. Lurraldeari dagokionez Kutxabanken osagarria izango litzateke.
Unnimen enkanteak abiatuko du bat egiteen bigarren aroa
Isidre Faine Caixabankeko presidenteak ukatu egin du Bankia eskuratzeko negoziatzen ari direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu