Behin bakarrik irakurrita, eta ordubete pasako eztabaida eskasa eginda. Halaxe onartu zuten atzo UPNk, PSNk eta PPk Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren igoera. Bi urte iraungo du, eta tarte horretan 110 milioi euro biltzea espero du gobernuak (aurten, 50 milioi). Funtsean, zortzi zerga tarte izan beharrean 11 izango ditu; urtean 3.825 eurora arteko errenta duten 56.000 nafarri ez zaie igoko, baina hortik aurrerako zerga tarteetanigoera pixkanakakoa da, %5era arte. Adibidez, 17.500 eurora arteko errenta duten zergadunei %0,5 igoko zaie zerga, eta 30.800 eurora arteko errenta dutenei, %1,5. Hortik gora, %2 eta %5 bitarte igoko da zerga tasa. Otsail honetatik aurrera, jada, soldatetan islatuko dira zerga atxikipen berriak. Gainera, kapital irabazien gaineko zerga tasak ere igo egingo dira, %1 eta %5 bitarte.
Bi arrazoi eman zituen atzo osoko bilkuran Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak. Lehena, Nafarroako Itun Ekonomikoak «behartu» egiten duela Espainiako «zerga erregimen komunaren» pareko presio fiskal orokorra izatera. Hartara, Mirandaren arabera, Espainiako Gobernuaren pausoen atzetik joatera derrigortuta dago Nafarroako Gobernua; hori bai, zerga igoera «leunagoa eta progresiboagoa» ezarrita eta zerga tarte bakoitzean nafar zergadunei «estatuan baino esfortzu txikiagoa» eskatuta.
Maiorga Ramirez Bilduko eledunak salatu du gobernuko bi bazkideak (UPN eta PSN) «gezurretan harrapatu» dituztela. Urtarrilean, Nafarroako Gobernua benetan Espainiako zerga presio bera izatera derrigortuta ote dagoen aztertzeko enkargua eman zien Bilduk parlamentuko zerbitzu juridikoei. Azterketa horren ondorio nagusia da Espainiako Gobernuak ezarri berri duen erreformak ez duela Nafarroaforu araudia aldatzera behartzen eta, «are gutxiago», Nafarroak ez diola zertan estatuaren aldaketari «mimetikoki» jarraitu.
Azterketa esku artean, Ramirezek nabarmendu zuen «irrigarri» geratu direla UPN zein PSN: «Nafarroarentzat beharrezkoa zela arrazoitu duzue, baina hori erabateko gezurra da. Zerbitzu juridikoek bertan behera utzi dituzte zuen arrazoiak», adierazi zuen. Ramirezek gaineratu zuen zerga erreforma hori UPNk eta PSNk hala nahi izan dutelako ezarri dela, eta PPren neurriak «zintzo» bete izana egotzi die, autogobernuari muzin eginda.
Aurrekontua, «paper errea»
Mirandak emandako bigarren arrazoia finantza publikoak «sendotzeko beharra» izan da. Abenduaren 22an onartutako 2012ko aurrekontuek urte honetarako %1,9ko hazkunde aurreikuspena hartu zuten oinarri. Mirandak atzo arrazoitu zuen egoera ekonomikoa asteotan okertu egin dela eta, abendu amaieran baino «nabarmen ezkorragoa» denez, beharrezkoa dela zergak igotzea.
NaBaiko Juan Carlos Longasen arabera, ordea, gobernuak «iruzur egin» die herritarrei, abenduan aurrekontuak onartu eta «ordu gutxitara argi zegoelako paper errea» zirela. «Zergatik igo duzue orain eta ez duela hilabete eta erdi?», galdetu zuen Longasek. NaBaiko parlamentariaren aburuz, argi geratu da egoerari aurre egiteko ahalmenik ez duela gobernuak. NaBairen ustez, ezarritako erreforma ez da nahikoa, «soldatapekoen gain» ezartzen delako zerga presio handiena eta ez delako ezer egiten errenta handiek Ogasunari izkin egiteko dituzten tresnen aurka —SICAV elkarteak kasu—.
UPN, PSN eta PPk Errenta Zerga %5era arte igotzea onartu dute
Hilabete honetatik aurrera ezarriko da atxikipen berria soldatetan; Nafarroako Gobernuak aurten 50 milioi bildu nahi dituBilduk, Ezkerrak eta NaBaik iruzur egitea eta gezurra esatea egotzi diote gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu