UPNren botoa izan du PPk Espainiako aurrekontuen zuzenketak errefusatzeko

Nafarroako Parlamentuan berriro zatitu da Iruñeko koalizioa, PSNk kontu horien aurka egin baitu

Iker Aranburu.
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako aurrekontuek Nafarroako Gobernuaren barne kontraesanak eta oreka ahulak azalaratu dituzte berriro ere. Madrilen, PPk UPNren botoa izan du osoko zuzenketak atzera botatzeko, PSNko ordezkariak eta alderdi abertzaleek emendakinak aurkeztu dituzten bitartean. Iruñean, berriz, koalizio gobernuko bi kideak zatitu egin dira berriro, Espainiako aurrekontuei buruzko bozketan: kontu horiek arbuiatu dituzte sozialistek, NaBaik, Geroa Baik eta Ezkerrak; UPNk eta PPk, berriz, sostengatu dituzte, baina bozketa galdu dute.

Espainiako Kongresuak atzera bota zituen atzo 2012ko aurrekontuei jarritako osoko hamar zuzenketak, tartean Amaiurrek, EAJk,eta Geroa Baik jarritakoak. PPren botoei batu zitzaizkien Foro Asturiasena eta Carlos Salvador UPNko diputatuarena. Azken horrek ziurtatu du gastua murriztea «betebeharra» dela administrazio guztientzat, eta ezin zaiela utzi hurrengo belaunaldiei«erabakiak subiranotasunez hartzea eragotziko duen zor publikorik». Bere botoa justifikatzeko argudio politikoagoak ere baliatu ditu; esaterako, Amaiurrek adierazi izana aurrekontuak proiektu independentistaren aurkakoak direla.

Abertzaleen aurkako mezuak erabili ditu Cristobal Montoro Ogasun ministroak ere. «Erdi Aroa gainditu dugu», ziurtatu du eta gehitu du Europari ezin zaiola esan «Espainia kimu nazionalistak dituen uhartea» dela. «Ez da unea mezu txikiak edo isolazionistak egiteko», aurpegiratu die abertzaleei. «Euskadiri, Kanariei, Galiziari, Nafarroari eta oro har Espainiako erkidego guztiei komeni zaie hazkunde ekonomikora eta enplegu sorrerara itzultzea. Ez dago beste formularik».

Kontu «onartezinak»

Haren aurrean, Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak ziurtatu du «onartezina» dela bi urteko epean defizita %8,5etik 53ra jaistea, eta aurrekontuek ezer konpondu beharrean, krisia larriagotzen dutela. Gainera, uste du ez dituztela aintzat hartzen Euskal Herriaren egoera ekonomikoa eta aro berria.

Antzeko ildotik jo du Uxue Barkos Geroa Baiko ordezkariak ere. «Aurrekontuetan ausardia eta inbertsioa behar dira, baina Gobernuak hautatutako bideak langabezia gehiago baizik ez du ematen». Defizita gutxitzeko beste bide batzuk eskatu ditu Barkosek eta finantza merkatuekiko menpekotasuna salatu du.

Asteartean, aurrekontuak atzera botatzeko eskatu zuen Josu Erkoreka jeltzaleak ere. Haren ustez ere ezinezkoa da hainbeste murrizketekin ekonomia bultzatzea eta enplegua sortzea.

Politikoki esanguratsua izan da CiUren jarrera ere. Lan merkatuaren erreformarako edo Egonkortasun Legerako nazionalista katalanen babesa lortu du PPk, baina aurrekontuei osoko zuzenketa jarri diete, Espainiako Gobernuak Kataluniari zor dion dirua azaltzen ez delako, eta inbertsioa %45 murriztu dielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.