Ureche taldeko langileek «diru jana» egitea egotzi diote enpresaren jabeari

Konkurtso legea aurkeztu du enpresak, eta lanik gabe geratuko dira 67 langile Gipuzkoan

Miren Garate.
2009ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
«Debako eta Markinako harrobiak saldu dituzte, Oiartzunen zuen lantokia eta haren lurrak ere bai. Eta orain dirurik ez dutela diote. Non dago ba diru hori?». Galdera hori egiten zuten atzo Ureche taldeko langileek. Enpresak likidaziorako konkurtso legea aurkeztu du, eta horren aurka protesta egin zuten Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan, ELAk eta UGTk deituta. Etxegintzarekin «diru jana» egitea leporatu zioten enpresaren jabeari.

Bi lantoki ditu Urechek Gipuzkoan, Colmure Oiartzunen eta Marmoles Ureche Errenterian. 38 lagun aritzen dira aurrenekoan eta 29 bigarrengoan. Guztiak geratuko dira lanik gabe. Era berean, Sorian (Espainia) duen lantokia ere itxi egingo du, eta 50 langileri eragingo die neurriak.

Langileen arabera, irabazi handiak eduki ditu Urechek azken urteotan. Batetik, eraikuntza sektoreak lan asko izan duelako, eta, bestetik, bi harrobi, lantoki bat eta haren lurrak saldu dituelako. Oiartzunen daude lur horiek, eta 620 etxebizitza egin nahi dituzte han. Sindikatuen arabera, horrek erakusten du eraikuntzaren bidez dirua egin nahi izan duela enpresak. «Lur industrialei kalifikazioa aldatu eta haiek urbanizatzea baimendu dute.Hori ez da egun batetik bestera egiten, gustatu edo ez, diru jana egon da hor», azaldu zuen Jose Luis Martin UGTren Gipuzkoako eraikuntzako arduradunak.

Urritik soldatarik gabe

Enpresak konkurtso legea aurkeztu izanak harritu egin dituela gaineratu zuten langileek. «Uztailera arte, kategoria igoerak negoziatzen jardun gara, normal. Enpresak ez digu jakinarazi arazo ekonomikoak zituenik», adierazi zuen Manu Tena ELAko eraikuntza arduradunak.

Engainatuta sentitzen dira. «Eredu izango ginela esaten ziguten, marmol enpresa gehienak itxi egingo zirela eta gu izango ginela merkatuko liderrak. Baina itxi behar zuten enpresa horiek lanean jarraitzen dute, eta gu kalean gaude, zentimorik gabe gainera», zioen Abel Pereira Marmoles Urecheko delegatuak.

Jose Martin Etxeberria Adegi patronaleko presidente ohia eta haren anaia dira Urecheko jabeak. «Enpresaburu eredua zela, baina esandakoaren kontrakoa egin du», esan zuen Pereirak. Urritik soldatarik ez dute kobratu langileek. Kaleratzeengatik jaso beharreko kalte-ordaina negoziatzen ere aritu dira azken asteotan, baina ez dute legeak dioena baino gehiago jasotzerik lortu.



Lan ordezkaritzak onartu egin du Munksjo Paperek aurkeztutako espedientea

Berastegiko (Gipuzkoa) Munksjo Paper enpresan lan egiten duten 163 langileetatik 156k zortzi hilabetean ez dute lanera joaterik izango. Izan ere, Gipuzkoako Lan ordezkaritzak onartu egin du enpresak haientzako aurkeztutako suspentsio espedientea. Erabakiarekin haserre daude ELA eta LAB -haiek osatzen dute langile batzordea-. Azken hiru urteetan multinazionalak 13 milioi euro irabazi dituela adierazi dute sindikatuek, eta Joseba Azkarraga Lan Sailburuak espedienteari oniritzia eman izana gaitzetsi dute. «Azkarragak esan berri du luparekin begiratuko dituela espediente guztiak, batez ere sindikatuen babesik gabe datozenak. Baina zuzendaritzaren aktari sinesgarritasuna eman eta espedientea baimendu egin du, langile batzordeak sinatu ez badu ere», azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.