Kupoa

Urkulluk "aldebikotasuna ez errespetatzea" leporatu dio Espainiako Gobernuari

Kontzertu ekonomikoak "Euskadi eta estatuaren arteko aldebikotasun harremana" finkatzen duela gogorarazi du EAEko lehendakariak, eta harreman hori ez dela ari errespetatzen, "ez oraingo Jaurlaritzarekin, ez aurrekoarekin, PPk laguntzen zuenarekin".

xabier martin
2013ko urriaren 4a
14:46
Entzun

Arantza Quiroga EAEko PPko buruak Eusko Legebiltzarrean egindako galderari erantzunez, Iñigo Urkullu lehendakariak Jaurlaritzak duen egonezina azaldu du kontzertu ekonomikoaren gaiaren inguruan, Espainiako Gobernuaren jarrera dela eta. "Errespetu eta elkarren arteko aitortza eskatzen du Euskadi eta Estatuaren arteko aldebikotasun harremanak, eta ez dira ari harreman hori errespetatzen, ez oraingo Jaurlaritzarekin, ez aurrekoarekin, PPk laguntzen zuenarekin".

Kupoaren bidez jaso beharreko diru sarreretan igoera adierazgarria aurreikusi du Espainiako gobernuak 2014. urterako aurrekontu proiektuan. Guztira, 1.564 milioi eskuratuko dituela kalkulatu du, aurten baino %88 gehiago. Kopuru horri garrantzia kendu zion aste hasieran Eusko Jaurlaritzak, "ez duela inolako sostengu juridikorik".

Indarrean dagoen kupoaren azken legea 2007. eta 2011. urteen artekoa da. Bitarte horretan desadostasun ugari pilatzen joan dira bi gobernuak. Hain zuzen ere, Madrilek 900 milioi baino gehiago zor dizkiola uste du Jaurlaritzak. Hezkuntzarekin, enplegu politika aktiboekin eta kupoaren eguneratze indizearekin lotuta daude desadostasunak. Espainiako Gobernuaren ustez, diru horretarako eskubiderik ez du Jaurlaritzak.

Gaur egun kupoa zein izango den kalkulatzea ezinezkoa da kasik. Aurrekontuak egiteko orduan, kupoaren bost urterako legean oinarrituta aurreikuspen propioa egiten dute Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Arazoa da bi administrazioak ez direla ados jarri lege hori gaurkotzeko, eta, horrenbestez, aurreikuspen hori nor bere kasa ari da egiten.

"Urkulluk "ekintzak" eskatu dizkio Quirogari, Madrilgo Gobernuan PP dagoenez, "akordioa sustatzeko". "Elkarrizketa eta negoziazioaren bidez" soluzio bat aurkitu daitekeela uste du Jaurlaritzako lehendakariak. Ogasun sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriaren "ahalegina" azpimarratu du kupoaren kopurua zehazteko lanetan.  "Kontzertu Ekonomikoaren sistema errespetatzea espero dut", esan du Urkulluk, eta Quirogari azaldu dio Espaniako gobernuei kosta egiten zaiela Jaurlaritzarekin duten aldebikotasun harremana onartzea. "Onartzen badute akordioa sustatuko da, eta baina ukatzen aldebakarreko erabakiak inposatzen badira, akordiotik urrun jarraituko dugu.

2007 eta 2011 urteen arteko kontuen kitapena erabakitzea urrats ezinbestekoa da kupoaren auzia soluziobidean jartzeko. Hori argitu arte ezinezkoa da 2012-2016 eperako legea onartu eta tramitatzea. Bi gobernuek, dena den, kupo likidoaren aurreikuspena sartu behar dute euren aurrekontu proiektuan, eta Rajoyren gobernuak astelehenean jakinarazi zuen bezala, bere proiektua aurkezterakoan gauza bera egin beharko du Eusko Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.