Naval

Urkulluk berretsi du ez duela baztertzen Navalen sartzea, inbertsore bat agertzen bada

Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean esan du enpresa krisian dagoela eta Europako araudiak diola uzten bestela esku hartzea.

Navaleko langileen protesta, SPRIren egoitzaren aurrean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2018ko urriaren 5a
16:30
Entzun

Arantxa Tapia sailburuak lehendik ere esana zuena berretsi du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k Naval erreskatatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta PPk "milaka lanpostu" babesteko zer egin behar duen galdetu dio. Urkulluk erantzun du enpresa krisian dagoela eta Europako araudiak ez duela uzten horien kasuan esku hartzen, baina inbertsore pribatu bat agertuz gero, eta horrek nahi izanez gero, ez duela baztertzen Jaurlaritza Navalen akziodunen artean sartzea.

Sestaoko ontziolaren jabeek likidazio fasea hasteko eskatu zioten irailean epaileari. Langileek "erreskate publikoa" eskatu zieten Madrilgo eta Gasteizko gobernuei, "geratzen den aukera bakarra" delakoan. Urkulluk adierazi du Naval pribatizatu zeneko baldintzek zaildu egiten dutela orain esku hartzea.

Eusko Jaurlaritza txosten bat ari da prestatzen gobernuak Navalen kasuan "egin dezakeenarekin eta egin ezin dezakeenarekin". Urkulluk azaldu du enpresa zordunen konkurtsotik ateratzen bada Jaurlaritzak aztertu dezakeela akzioak erostea, baina ez aurretik. "Tentu handiz jokatu behar dugu egiten duguna ez dadin hartu estatuaren laguntza gisara. Iaz irratian lehendakariak aukera hori aipatu izanak soilik espediente bat irekitzea eta xehetasunez betetako azalpenak eman beharra izatea ekarri zuen".

Iker Casanova EH Bilduko parlamentariak nahikoa ez egitea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. Esan du ontziola ez dela "edozein enpresa" eta inbertsio publikoaren aldeko mezu argi bat emateko eskatu dio. Jose Ramon Becerra Elkarrekin Ahal Dugu-ko kideak esan du bere iritziz ez dela inoiz iritsiko inbertsore "serio" bat "erakunde publikoek bizkarra eman dioten ontziola batera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.