kutxen bateratzea

Urkulluk kutxetako presidenteen lana goretsi du, eta Bilduren jarrera deitoratu

LABen ustez, "Kutxen pribatizazioa saihesteko akordio bat da" Bilduk eta kutxek lortutakoa, "eta orain da momentua banka publiko bat eraikitzeko eztabaida benetan egiteko". Bankuko langileekin hitzarmenak egiteko eskatu du sindikatuak. CCOO-Euskadi "azken unera arte" hitz egiteko prest da.

2011ko irailaren 14a
18:05
Entzun

Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxetako buruek Kutxa Bankeko bat-egiterako prozesuan egindako “ahalegina” azpimarratu du, eta iritzi dio Bildu Kutxarentzako zegoen arriskuaz jabetu zela eta horregatik egin duela hitzarmena. "Ez dugu geure burua zoriondu behar Bilduk ez dakit zer esan duelako. Merezi duena da hiru kutxetako presidenteek prozesuan egin duten esfortzua goratzea”, esan du Urkulluk gaur Bilbon, Forum Europa-Tribuna Euskadin.

Haren arabera, “ez da ezer aldatu” Gizarte Ekintzan lehendik “konpromiso” gisa planteatu ziren terminoetan, eta deitoratu du Bilduren ordezkariak “banku ez bihurtzearen erantzule“ gisa agertu nahi izatea, "hori lehenagotik ezarrita zegoelako eta kutxetako presidenteek ondo landu zutelako”.

LABek uste du kutxen bat-egiteko akordioarekin kontrol politikoa eta ekintza soziala ziurtatuko direla

LAB sindikatuak uste du kutxetako zuzendaritzek eta Bildu koalizioak Kutxa Bank sortzeko lortutako akordioak "garrantzia" daukala, "banku berriaren kontrol politiko-soziala eta ekintza soziala ziurtatzea delako bere helburua. Sistema finantzarioaren kontrol eza da gaur bizi dugun krisiaren jatorri nagusia, eta akordioaren ondorioz saihestu egingo da sortuko den bankuaren bilakaera interes pribatu hutsek zuzentzea". 

LABen arabera, "kutxen pribatizazioa saihesteko akordio bat da" Bilduk eta kutxek lortutakoa, "eta orain da momentua banka publiko bat eraikitzeko eztabaida benetan egiteko".

Bilduk atzo zioenez, gizarte ekintzetara irabazien %30 bideratzea lortu dute —mugarik gabe—, diru pribatuari ateak itxi dizkiote eta Hego Euskal Herriko langileek lan itun propioa izango dute hala erabakitzen badute. 

LABek kutxei eskatu die banku berrian ariko diren langileekin akordioak erdiesteko saioa egiteko. "Tamalgarria eta salagarria da egoera honetan oraindik orain euskal gehiengo sindikalarekin akordioak eraikitzen hastea baztertzea. Kutxek aukera hori izan dute, eta gaur, aukera hori are eta posibleagoa da negoziatzeko eremuaz langileek erabakitzen dutena onartuko dutela adostu ondoren". (LABen balorazioa osorik)

CCOO-Euskadik jarrera irekia

Unai Sordo CCOO-Euskadiko idazkari nagusiak azaldu du "azken unera arte negoziatzeko borondatea" dutela. Haren iritziz, "lotzeko falta" dena langileen baldintzak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.